Zaraobe Eguna antolatu du izen bereko saskibaloi klubak larunbaterako. 400 lagunen parte hartzea ziurtatu dute eta lehen ekintza 15:00etan izango da; Zaraobenetaren inaugurazioa, alegia. Izan ere, klubak motorrik gabeko furgoneta eskuratu du eta taberna lanak betetzeko atondu du. "Jaietan eta hitzordu berezietan erabiliko dugu", aipatu du Jon Pinedo presidenteak.
15:30ean bazkariaren ordua helduko da, eta ogitartekoak prestatuko dituzte horretarako, parte-hartzaile asko umeak izango baitira. 17:00etan Pakita Penas DJen lehenengo saioa hasiko da eta 18:00etan Bañueta Kiroldegira joko dute senior B taldea animatzeko.
19:30ean askaria prestatuko dute gazteentzat eta Pakita Penasen bigarren musika saioa egingo dute 20:00etan. Ordu horretan zozketak egongo dira eta tiketek euro bat balioko dute. Edonola ere, jarraitzaileen artean orduro egingo dituzte zozketak ere.