TXERRA MOLINUEVO LAÑA

"Elkarrekin egin behar dugu lan Amurrio eta Aiaraldea toki industrialak izaten jarraitu dezaten"

Txabi Alvarado Bañares 2026ko martxoaren 31

Txerra Molinuevo Laña alkatea, Amurrioko Udaletxearen aurrean. / Aiaraldea.eus

2025. urtean Amurrion garatutako proiektuak zein udalerrian jasotako gertakariak izan ditu hizpide TXERRA MOLINUEVO LAÑA (Amurrio, 1980) alkateak. Elkarrizketa hau 2025ko abenduan egin zen Mugarriak urtekarirako, eta Tubos Reunidoseko egoerari buruzko galdera bat gehituta gaurkotu da. 

Tubos Reunidoseko Enplegua Erregulatzeko Espedientearen albistearekin hasi da 2026a. Zein urrats eman dituzue Udaletik egoera horren aurrean?

Albiste txarra da Amurrion hainbeste lanpostu industrial galtzea, eta baita altzairutegia ixtea ere, asko kezkatzen baikaitu etorkizunera begira.

Udalak errespetatu egiten ditu borondatez ateratzea erabaki duten pertsonen erabaki guztiak, bai eta, logikoa denez, Komitearen erabaki guztiak ere, alegia, kaleratzerik ez egoteko eta altzairutegia ez ixteko borrokatzea.

Udaletik lehenengo egunetik egin duguna egiten jarraituko dugu, egoeraren eraginpean dauden bizilagun guztientzat prest egongo gara eta lantegiaren bideragarritasunari eusteko helburu argiarekin, zorra berregituratzea, energia-kostuak jaistea, bazkide inbertitzaileak bilatzea (pribatuak zein publikoak) eta muga-zerga horiek bertan behera gera daitezen lan egitea exijituz. Gure ustez, modu batera edo bestera inplikatuta gauden eragile guztiek batera egin beharreko lana izan behar du horrek.

2025ak utzitakoetara begira jarriko gara orain. Barne mailan, udal langileek abiatutako mobilizazio zikloak markatu zuen 2025a. Zer irakurketa egiten duzue Udaletik? Bildu zarete Enpresa Batzordearekin? Biltzeko asmoa duzue?

Bildu ez garela diote, baina bai bildu garela. Azken urtean hamar bilera baino gehiago egin ditugu guztira, Enpresa Batzordearekin zein sindikatuekin banaka. Beste kontu bat da ez garela ematen ari eurak eskatzen ari direna. Negoziatzen jarraitzen dugu eta gauza batzuk egiten ari dira, baina soldata igoera bat eskatzen dute. Aspaldi esan genien: azken bost urteetan 1,5 milioi eurotan igo da Udalaren pertsonal gastua, arrazoi ezberdinengatik. Orain ere igoera handi bat emango da funtzionarioen soldatetan, Madrildik datorrena, eta udal guztiak gabiltza hori nola aurre egin aztertzen, igoera handia delako.

"Azken urtean hamar bilera baino gehiago egin ditugu guztira, Enpresa Batzordearekin zein sindikatuekin banaka. Beste kontu bat da ez garela ematen ari eurak eskatzen ari direna" 

Duela urte batzuk giza baliabideen plan bat egin zen. Alderaketa bat egin zen Amurrioren antzekoak ziren EAEko beste udalerri batzuekin, eta soldata arrakala murriztu zen. Hor lortu genuen beste Udal batzuk baino egoera hobeagoa izatea. Eta horren erakusle da Amurrioko Udaleko ia postu guztietan Laudiokoan baino gehiago kobratzen dela, Laudioko Udala Amurriokoaren ia bikoitza izan arren tamainari dagokionez.

Ulertzen dut ordezkari sindikal edo langileek hobekuntzak eskatzea, baina udalaren diru-sarrerak jendearen zergetatik datoz, eta sentikorrak izan behar dugu egiten dugun gastuarekin. Egoera ezberdina izango litzateke Amurrion gaizki kobratuko balitz, baina ez da hala, eta ez da bidezkoa edozein igoera egitea, diru hori ez delako beste kontu batzuetara bideratuko. 

Laburbilduz: bai, negoziatzen ari gara eta bilerak egin ditugu, beste kontu bat da ez garela eskaera guztiak asetzen ari, soldatari lotutakoak batez ere, ulertzen dugulako Amurrioko Udaleko soldatak Laudiokoak baino hobeak direla. 

Enpresa Batzordeak bi aldiz jo du Arartekora, eta erakunde horrek zuei eginiko gomendioak ez betetzea leporatu dizue. 

Lehen aldian joan ziren esanez ez ginela eurekin biltzen, eta guk bilera guztien zerrenda bidali genien, aktak daudelako. Bigarren aldiaz euskara teknikariaren kontuarengatik joan ziren. Euskara teknikariak baja hartu zuen eta ordezko bat bilatu behar izan genuen. Bagenuen Udaleko lan-poltsa bat, merituena zena, bere unean egin zena kultura arloko premiazko postu baterako.

Orduan, pentsatu genuen poltsa hori ez zela egokiena postua kubritzeko, ez zuelako bermatzen ordezkoa euskara teknikari postua egoki bete ahalko zuenik. IVAPera deitu genuen eta euskara teknikarien poltsa bat bidali ziguten. Komiteak uste zuen Udalaren lan-poltsara jo behar genuela lehenbizi, eta Arartekoak antzeko zerbait esan zuen. Guk esan genion Arartekoari bere erabakia errespetatzen genuela baina ez genuela partekatzen, gure jarrera izan zelako euskarazko postuan kalitate handiagoko langile bat izatearen alde.  

"Guk esan genion Arartekoari bere erabakia errespetatzen genuela baina ez genuela partekatzen, gure jarrera izan zelako euskarazko postuan kalitate handiagoko langile bat izatearen alde"


Herriari begira jarriko gara orain. Nola baloratzen duzue 2025ak emandakoa?

Legealdi plan bat geneukan eta horren %87 martxan dugu. Betetzen goaz esan genuena. Orokorrean, esango nuke Amurrio ondo dagoela. Egon dira gatazkak, industriaren esparruan adibidez, eta kezkatuta gaude horregatik, baina uste dut elkarrekin egin behar dugula lan Amurrio eta Aiaraldea toki industrialak izaten jarraitu dezaten. 

Egitasmo zehatzei dagokionez, baditugu hainbat proiektu estrategiko, lan handia eskatzen dutenak. Goikolarra auzoaren birgaitzea da horietako bat. Finantziazio gehiena kanpotik dator, baina Udala une honetan saturatuta dago proiektu horrekin: milioi asko dira eta auzo oso bat eraberrituko da. Gure apustu handienetako bat da: ia 7 milioi euro inbertituko dira auzo batean. Egia da beti izan dela apur bat ahaztua egon den zonaldea, etxe txikiekin, eta uneren batean heldu behar zitzaion, eta legealdi honetan izaten ari da. 

Bagenituen beste bi proiektu garrantzitsu. Alde batetik, Eguneko Arretarako Zentroa, jada eraiki dena eta orain ekipamenduz hornitzen gaudena. Bestetik, merkatu zaharra dago, kanpotik eraberritu dena eta gaur bertan (elkarrizketa hau abenduan egin zen) esan didate barruko ekipamenduko proiektua ia itxita dagoela jada. Erakusketa gela bat izango du, auditorio bat… eta goiko pisuan espazio zabal bat egongo da, erabilera anitzekoa. Hala eskatu du jendeak, jarduera ezberdinak egin ahal izateko. Izan ere, gaur egun uneoro gaude frontoia baliatzen edo plazan karpa bat jartzen, eta espazio berriak aukera emango digu toki egoki eta estali bat izateko herriaren erdigunean, edozein jarduerarako. 

Noiz egongo da erabilgarri?

Proiektua egiten gabiltza uneotan, eta esleitu egin behar dugu. Espero dugu legealdi honetan amaitu ahal izatea, osorik ez bada, fase batean behintzat. 

Hezkuntza zentroetan ere egin ditugu inbertsioak duela urte batzuetatik hona. Mendiko Eskolako frontoia amaitu da, eta Haur Hezkuntzako teilatuekin hasiko dira. Zabalekoko komun eta aldageletako obrak ere hasiko dira, eta azken urteetan beste lan batzuk ere egin dira. 

Haur-eskola berri bat eraikitzea ere eskatu dugu, Zabalekokoa handituta, 180.000 euro inguru baliatuta. 

Balioan jarri behar da baita Berdintasun arlotik eginiko lana duela urte batzuetatik hona. Emakumeentzako espazioa ireki da Villa Fen, emakume sarearekin elkarlanean, eta harreman ona dago, komunean egiten da lan, gero eragile bakoitzak bere egiteko modukoak dituen arren, eta uste dut hori balioan jartzeko modukoa dela. Mahai politikoan ere dena egiten da aho batez adostuta. Esan daiteke estabaida politikoa gainditzera iritsi dela, batasunaren alde eginez, eta hori funtsezkoa dela uste dut.

"Emakumeentzako espazioa ireki da Villa Fen, emakume sarearekin elkarlanean, eta harreman ona dago, komunean egiten da lan, gero eragile bakoitzak bere egiteko modukoak dituen arren, eta uste dut hori balioan jartzeko modukoa dela"

Nagusien alde ere apustu sendoa egiten ari gara. Nagusien arlo bat sortu genuen eta bi teknikari dabiltza bertan, eta euren jardunaren herena bideratzen dute horretara. Plazera da Nagusien Kontseiluarekin lan egitea, nagusiei lotutako politika guztiak datoz bertatik, esan dezakegu esleitutako aurrekontuaren osotasuna nora bideratu eurek erabakitzen dutela ia. 

Gizarte zerbitzuak asko indartu dira legealdi honetan, asko handitu da aurrekontua. Administrari bat eta bi teknikari daude bertan, arlo indartsuenetako bat da alde horretatik. 

Etxebizitzarena izan da ere 2025eko gaietako bat. Amurrion hiru titular oso ezberdin utzi ditu urteak esparru horretan: Federico Barrenengoa kalean eraikitzen ari diren etxebizitzak esleitzeari ekin diozue Udaletik, desokupazio enpresa bat herriko familia bat etxegabetzen saiatu da eta hitzarmena sinatu duzue Ategin elkartearekin gizarteratzea eta etxebizitzarako sarbidea sustatzeko. 

Udaletik hainbat ildo jorratzen ari gara etxebizitzaren esparruan. Guztioi kezkatzen gaituen gaia da. Alde batetik, Jaurlaritzarekin abiatutako etxebizitza sozialen lerroa dugu. 42 etxebizitza eman dira eta 60 eraikitzen amaitu berri dugu. Hau da, legealdi honetan alokairu sozialeko 102 etxebizitza berri egongo dira, uste dugu ondo dagoela. Bestetik, enpresa pribatuekin lan egiten ere saiatzen ari gara. Hiru promozio hasiko dira Amurrion. Hori ere ondo dago, etxebizitza librea nahi duen jendearentzat.

Badago tarteko bidea, lantzen hasi nahi duguna, Babes Ofizialeko Etxebizitzena. Alokairu soziala sustatzea oso garrantzitsua da jende zaurgarriena artatzeko balio duelako, baina gero badago aipatutako tarteko bide hori: badago jendea ezin duena 300.000 euroko pisu berri bat eskuratu, baina Babes Ofizialeko Etxebizitza bat bai. Ari gara Udalaren lursailen bat aztertzen bide hori jorratu ahal izateko. 

Goikolarra auzoaren birgaitzea ere bada esparru honetan aipatzeko moduko zerbait, eta etxebizitza hutsen inguruko diagnostiko bat ere egingo da. Aurreko plenoan eztabaida egon zen lonjak etxebizitza bilakatzearen inguruan. Gu ez gaude horren aurka, baina ondo aztertu behar da zenbat lonja dauden eta zeintzuk bilakatu ahalko liratekeen etxebizitza, eta guztiak ez egotea erdigunean, merkataritzarako espazioak ere bermatu behar direlako. Baina hori epe ertainera begirako neurria da. Etxebizitza hutsak, aldiz, hor daude dagoeneko. Horregatik enkargatu dugu azterketa, etxe horien kasuistika zein den jakin eta alokairuren merkatura bultzatzeko. 

Horri lotuta egin zen hitzarmena Ateginekin. Elkarte horrek bilatzen duena da alokairuzko etxebizitza jartzea pertsona zaurgarrien eskura. Oso ekimen ona iruditzen zait. Jabeek ziurtasuna dute elkarte batekin ari direlako alokairua egiten.

Desokupazio enpresari dagokionez, zerbait puntuala izan zen, gero lasaitu egin zen giroa. Nik hitz egin izan du etxean zegoen familiarekin zein jabeekin. Gatazka une bat egon zen, baina konpondu egin da dagoeneko. Amurrion, momentuz, ez gabiltza okupazio kasu asko izaten, Laudion eta Urduñan bezala. Lasaiago gaude. 

"Uste dut gai horrekin (Ondasun Higiezinen gaineko Zergarekin) pedagogia apur bat egitea falta izan zela"

Etxebizitzaren gaiarekin jarraituz, urte hasieran oihartzun nahiko izan zuen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren igoeraren aurka sortutako mugimenduak. 

Uste dut gai horrekin pedagogia apur bat egitea falta izan zela. Dena amaitu zen herritar guztiei zabaldutako bilera publiko bat egin genuenean. Bazegoen informazio bat ez zena benetakoa. Bertan azaldu zen zer zen zehazki egin zena, zer eragin zeukan, zeuden hobariak… hori ikusi ostean, hurrengo egunean desaktibatu zen dena. Udalaren politika fiskala progresiboa da eta logikoki, OHZ da udal baten duen zergarik garrantzitsuenetako bat.

Guk errentaren araberako sistema dugu, udal askok ez dutena. Uste dugu hori dela bidezkoena, duzun errentaren arabera ordaintzea, hobarien arabera. Ezer ez duenak ez du zerga ordaintzen. Baina egia da sistemak funtzionatu dezan, gutxien dutenek gutxiago ordaindu dezaten, beste batzuek gehiago ordaindu behar dutela. Inori ez zaigu gustatzen gure poltsikoa ukitzea, baina gero igoera ere ez zen horrenbesterako. 

Azken moldaketarekin hobarien tartea handitu dugu, jende gehiago sartu dadin. Batzuk gutxiago ordaintzeko beste batzuk gehiago ordaindu behar dute. Ulertzen dugu hori dela logikoena eta bidezkoena. 

Beste bai bati helduz, 2025ko apirilean prentsaurrekoa egin zuten Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileek, lan hitzarmen baten negoziazioa exijitzeko. Nola bideratu da gai hori?

Bertako langileen eskaera bat izan zen, etxez etxeko laguntzaileen hitzarmena zutelako, ez dela batere ona. Etorri ziren, nirekin hitz egin zuten eta ulertu nuen planteatzen zutena. Kontua da eurek esku hartze sozialeko hitzarmena ezartzea nahi zutela, baina legez hori ezin zen egin, espresuki jasota dagoelako zentro hauetan aplikatzen den hitzarmena etxez etxeko laguntzarena dela. Hitzarmen propio bat negoziatzen hasi ziren orduan. Akordio batera iritsi dira eta guk lizitazioaren pleguetan sartu dugu. Tramiteren bat falta da, baina badago jada bideratuta. 

Azaroan Ertzaintzarekin bildu zineten herrian egondako lapurretak direla eta. Nola joan zen bilera hori?

Hor kontua izan zen hamabost egunetan zortzi lapurreta inguru egon zirela herrian, eta horregatik eskatu genuen bilera Ertzaintzarekin. Gure kezka helaraztera, informazioa jasotzera eta Udaltzaingoak egin zezakeenaz galdetzera joan ginen. Eurek esan ziguten protokolo berri bat zutela martxan, Laudion eta Urduñan ere antzekoak gertatzen ari zirelako, eta zaintza-protokolo horretara batzeko gonbita egin ziguten, landa-eremuetan, administrazio batzarretan eta auzo periferikoetan batez ere. Udaltzaingoa egon da patruilak egiten zonalde horietan, eta baita kalez jantzitako ertzainak ere. Eskatu ziguten ere herritarrek edozein abisu pasatzea, lapurretak modu horretan gelditzen direlako askotan. 

Ideia bada komunean jartzea. Iragan astean hitz egin nuen berriz polizia-etxekoekin, eta aipatu zidaten plan zehatz bat prestatu dutela eta errefortzuak eskatu dituztela. 

Uste dugu administrazio batzarretan egondako lapurreta olatuaren atzean talde antolatu bat dagoela, oso toki sakabanatuetan gertatu zirelako. Horrelakoak gertatzen dira noizbehinka, hala azaltzen digute Ertzaintzatik urteroko bilera egiten dugunean. Badira talde batzuk hamar egunez egon ohi direnak eta gero beste toki batera doazenak.

"Argi dugu 2026rako helburu nagusia izango dela legealdi honetan hasitako guztia amaitzen saiatzea"

Amurrion momentuz badirudi amaitu egin dela. Kezkatzen gaituen gaia da, baina lapurretak beti daude. Beldur gehien ematen diguna bada horrek sortzen duen segurtasun gabezia. Hamar lapurreta agian estatistikoki ez dira asko, baina segurtasun gabezia sortzen dute, kezka. Egin duguna izan da koordinazioa, neurri bereziak ezartzea eta herritarrei laguntza eskatzea, oso garrantzitsua delako.   

Bi urte eskas falta dira legealdia amaitzeko. Zer aurreikuspen dituzue 2026ari begira?

Une honetan garrantzitsuena bada 2026ko aurrekontuak onartzea. Hori lantzen ari gara une honetan. Argi dugu hurrengo urterako helburu nagusia izango dela legealdi honetan hasitako guztia amaitzen saiatzea. Legealdi plana betetzea dugu helburu. Gero sortuko dira gauza berriak, aurreikusi gabekoak, baina lehentasuna da  hartutako konpromisoak betetzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide