Lakuan bildu ziren atzo Tubos Reunidoseko langileen ordezkariak Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin eta Enplegua Erregulatzeko Espedientearen "prozesu osoan zehar egondako gardentasun falta" helarazi zioten sindikatuek Eusko Jaurlaritzako ordezkariei.
ESK-k eta LABek oharrak plazaratu dituzte bileraren balorazioa egiteko eta bi erakundeek salatu dute Tubos Reunidoseko lan gatazkan Jaurlaritzak "beste alde batera begiratzen duela" eta "ez diola funtsezko galderei erantzunik ematen".
Galdera horien artean daude oraindik argitu gabeko hainbat gai, hala nola : SEPIrekin negoziazioa, zorraren birfinantzaketaren egoera edo balizko inbertsoreak. LAB sindikatuaren arabera, "elementu horiek funtsezkoak dira egungo egoera ulertzeko, baina gaur egun oraindik opakutasunean jarraitzen dute. Ez da onargarria alde sozialari erantzukizuna eskatzea, egoeraren azterketa zorrotza egin ahal izateko oinarrizko informazioa partekatzen ez den bitartean".

"Greba ez da arazoa"
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere gaitzetsi dute langileen erakundeek. ESK-k oharrean azaldu du instituzio horrek "greban jartzen ari dela fokua, krisi hau eragin dutenen erantzukizunak exijitu beharrean". Sindikatuaren ustez, jarrera "bidegabea" da hori; izan ere, "kudeaketa txarraren ondorioak beti langile klasearen gain erortzen diren eredua betikotzen laguntzen du".
Horregatik, Jaurlaritzari "jarrera pasiboa" alde batera uzteko eskatu diote eta rol irmoago bat izateko zuzendaritzaren aurrean "gaur egungo egoera larriaren erantzule nagusia baita".
LABek, bere aldetik, azaldu du presioa langileei ari zaiela egiten, eta ez enpresaren zuzendaritzari: "Erantzukizunaz, gatazka saihesteaz edo prozesua ez judizializatzeaz hitz egiten da, baina ez dugu ikusten eskakizun maila bera enpresako zuzendaritzarekiko, hark jarri baitu mahai gainean kaleratzeetan, altzairutegiaren itxieran eta logistikaren kanporatzean oinarritutako plana".
Bide horretan, greba "enpresak hartutako erabakien ondorio zuzela dela" adierazi du sindikatu abertzaleak: "Gatazka ez da ezerezetik sortu, plantillak argi eta garbi baztertu duen planteamendu baten ondorioz baizik. Horregatik, galdera ez da zergatik dagoen greba, baizik eta zein alternatiba erreal jartzen ari diren mahai gainean gatazka konpontzeko".
Hortaz, norabide aldaketarik ez dagoen bitartean, grebarekin eta hasierako aldarrikapenekin jarraituko dutela adierazi dute langileen erakundeek, alegia, altzairutegia ixtearen aurka eta Aiaraldeko enpleguaren defentsan.