Udaberriko oporraldiaren itzulera ez da gozoa izan Amurrioko AEK-ko kideentzat. Izan ere, grafitiz beteta aurkitu dituzte euskaltegiko horma eta atea. Azaldu dutenez, ez da gertatzen den lehenbiziko aldia: "Askotan agertu da horrelako bat edo beste, eta guk estali ditugu gainetik margotzen, baina oraingoan horma osoa dago sinaduraz betea".
Pintaketez gain, astelehenero sarrera "zikinkeriaz beteta" aurkitu ohi dutela ere salatu dute euskaltegiko langileek. Portxea herritarrekin partekatzeko arazorik ez dutela adierazi diote AEK-ko kideek Aiaraldea Komunikabideari, baina elkarbizitza on baten mesedetan espazioa errespetatzea nahiko lukete.