Abiatzear da eskualdeko jaien maratoia eta San Joseko jai batzordeak prest du dagoeneko auzoko festak ospatzeko egitarau oparoa. Apirilaren 30etik maiatzaren 2ra bitartean luzatuko dira ekintzak eta musika eta dantza izango dira nagusi.
Jaien lehenengo eguneko arratsaldean, umeek gozatuko dute gehien. Izan ere, 18:00tan txupinazoa jaurti ostean, haurrentzako jolasak eta diskofesta egongo dira, txokolatadaren zapore gozoaz lagunduta.
Lehenbiziko gauean, Zirkinik bez! erromeria eta DJ Masa eta Pakita penas musika jartzaile laudioarrak igoko dira oholtzara.
Ostiralean, trikiti eta panderoek goizean goizetik alaituko dute giroa. Urteroko txirrindularitza lasterketa 11:00tan abiatuko da eta 12:00tan izango da meza. Horren ostean, 13:00ean, igel-toka txapelketa hasiko da eta bermut dantzaldia egingo dute Otegirekin, aldiberean.
Arratsalde partean, dantza erakustaldia izango da lehenago eta gero herritar guztiak batu ahalko dira gorputza mugitzera, Otegik gidatutako eguneko bigarren dantzaldian.
Maiatzaren 2an agurtuko dituzte San Joseko bizilagunek jaiak eta herri bazkarian bilduko dira horretarako. 14:00an izango da eta tiketak salgai daude dagoeneko auzoko taberna eta saltokietan. Jai batzordetik azpimarratu dute auzoan bizi diren 70 urtetik gorako eta 10 urtetik beherako herritarrei sarreraren dirua itzuliko zaiela bazkarian bertan, baina garrantzitsua dela aldez aurretik eskuratzea.
80ko eta 90eko hamarkadetako musikak girotuko du iluntzea, eta jaiei amaiera emateko Altxa Porru erromeria eta DJ Varrok jarriko dituzte doinuak. Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, jai-ohitura berrietara egokitzeko ahalegina egin dute aurtengo egitaraua prestatzerakoan, eta gazteen artean arrakasta handia duten erromeria eta musika jartzaileak ekarri ditu eszenatokira.