Atzo egun oso bizia izan zuten Tubos Reunidoseko grebalariek, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuarekin egin baitzuten bilera. ELAk, LABek eta ESk-k oharrak plazaratu dituzte horren inguruan eta biek salatu dute gardentasuna falta erakundearen aldetik, ez baitie azalpen argiak eskaini egin dituen kudeaketei buruz.
Adibidez, sindikatuek azpimarratu dute ez diela eman informazioa Espainiako Gobernuari eta SEPIri egindako proposamenei buruz.
Halaber, bi erakundeek nabarmendu dute Jaurlaritzak onartu zuela enpresaren benetako arazoa dela pilatutako zorra. Horrek, sindikatuen aburuz, frogatzen du espedienteak ez duela zentzurik, gainbeheraren muina zuzendaritzaren kudeaketa baita,
Gauzak horrela, LABek bi eskaera egin zizkion Jaurlaritzari: "Batetik, presioa egin dezala SEPI batzordearekin bil dadin. Bestetik, arazoa finantzazioa baldin bada, aitortzen den bezala, enpresari eskatzea EEEa bertan behera uztea, altzairutegia ixtea eta logistika kanporatzea, eta
negoziazio prozesu erreal, garden eta xantaiarik gabekoa irekitzea alternatibak bilatzeko".
Gaurko mobilizazioa
Ondorioz, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du eta gaur langileek mobilizazioa egin dute. Lantegitik abiatu eta A-625 errepidean sartu dira. Une horretan Ertzaintza agertu da eta tentsio uneak bizi izan dira, poliziek grebalariak bultzatu baitituzte azkarrago joateko.
Une horretan behargin bat identifikatu dute eta mobilizazioa Amurrioko herriko plazan amaitu ondoren, beste bat, agenteak iraindu izana leporatuta.
Lan Ikuskaritzak onartu ditu enpresaren argudioak
Atzo ere Lan Ikuskaritzak txostena zabaldu zuen adierazteko enplegua erregulatzeko espedientea egitea justitifikatuta dagoela, bere ustez. Hori ez ezik, lanaren agintaretzaren iritziz, konpaianiaren disoluzioaren bidea ere ireki daiteke. Dena den, zuzendaritzak berak argitu dio EFE agentziari hori datu puntual batn ondorioa dela eta enpresa ez dagoela desagertzear.
UGTren oharra
UGT sindikatuak ere oharra plazaratu du Tubos Reunidosen mugimenduak kritikatzeko: "Nabarmentzekoa da Amurrioko zentroko aldi baterako kontratazioan irregulartasunak izan direla. Ikuskaritzak dio behin-behineko 46 kontratutan lege-iruzurra egon dela, eta kontratu horiek mugagabe bihurtu behar direla. Horrek agerian uzten du aldi baterako kontratazioa ez dela behar bezala erabiltzen; aldi berean, baina, enpresak kaleratze kolektiboa sustatzen zuen".
UGTren hausnarketa da kaleratzeak ez direla arrazoizkoak eta konpainiak ez zuela ezer negoziatu espedientearen kontsulta epean. Hori dela medio, lau neurri proposatu ditu:
- Kaleratze masiboan atzera egiteko eta benetako negoziazio-prozesua irekitzea eskatzen du.
- Administrazio publikoen inplikazioa eskatzen du, enpleguari eta industria-jarduerari eutsiko zaiela bermatzeko.
- Langileen eskubideak defendatzen jarraituko du.
- Behin eta berriz esan du langileei ahotsa eman behar zaiela, eta greba mugagabea ez dela konponbide bat gatazka honetarako.
Argazkiak: Tubos Reunidoseko langileak