60 urteko ibilbidea aldarrikatu du gaur Amurrioko Dantza Lagunak jai kuadrillak, eta hobekien dakiten moduan ospatu dute kuadrillako kideek: dantzan. 1966an lagun talde batek sortu zuen kuadrilla, eta urtebete beranduago murgildu zen lehendabizikoz udalerriko festetan.
Egun osoko egitaraua dute aurretik Dantza Lagunak kuadrillako kideek, baina ekitaldi hunkigarri batekin abiatu dute. Banan-banan omendu dituzte jai-kuadrillaren sortzaileak, bai eta 60 urte luze hauetan kuadrillaren ordezkari izandako guztiak ere. Ana Carbajok eta Naia Fernandezek azaldu dizkigute egunaren nondik norakoak:
Gaurko ospakizun egunaren ostean abuztuko jaiei begira jarriko dira buru-belarri Dantza Lagunakeko kideak. Hain zuzen ere, eta motorrak berotzen hasteko asmoz, aurtengo festetan kuadrillaren ordezkari zein jaietako ordezkari izango diren bi kideak aurkeztu dituzte jendaurrean.