Bruselara jo du Txerra Molinuevo Laña Amurrioko alkateak EAJko beste hiru kiderekin batera: Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko presidentea, Jonatan Moreno legebiltzarkidea eta Oihane Agirregoitia eurodiputatua. Bilera egin dute bertan Europar Batasuneko Barne Merkatuaren, Industriaren, Ekintzailetzaren eta ETEen Zuzendaritza Nagusiaren (DG Grow) ordezkariekin, eta Amurrioko alkateak “emankortzat” hartu du goiza.
Izan ere, Tubos Reunidosen eta Aiaraldeko industriaren egoera jorratu dute bertan eta, azaldu dutenez, "EAJk mahai gainean jarri dituen lan-ildoak aztertzeko eta horien jarraipena egiteko konpromisoa" lortu dute.
Hiru lan-ildo proposatu dituzte. Alde batetik, “muga-zergen eraginaren ondorioz zorra erreskatatzeko laguntzak” aztertzea planteatu dute. Bestetik, Irango gerraren testuinguruan industriari emango zaizkien laguntzei begiratzea ere eskatu dute. Bukatzeko, Aiaraldea eta Euskadi “proiektu pilotu europarra” izatea planteatu dute, “industria eraldatzeko eta deskarbonizazioaren arloan aurrera egiteko”.
Molinuevok egin ditu bozeramaile lanak bileraren ostean eginiko agerraldian, eta aldarrikatu du “ez Aiaraldea ez Europak” ezin dutela “gihar industrial hori galdu”.
