Tubos Reunidos enpresako langileen grebak ez du etenik eta gaur manifestazioa egin dute Bilbon berriro. Aldi berean, gaur jakinarazi dute ELAk, LABek eta ESK-k enplegua erregulatzeko espedientearen kontrako demanda erregistratu dutela.
ELAk, besteak beste, azpimarratu du epez kanpoko aldaketak egin zituela enpresak espedientean, martxoaren 23an agortu baitzen horretarako epea eta konpainiak 27an egin zituen.
LABek, bere aldetik, opakotasuna eta gardentasun falta salatu ditu eta kritikatu du hori ez dela bakarrik multinazionalaren arazoa: "Prentsaren bidez jakin dugu EAJren ordezkaritza batek bilera bat egin duela EBko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako Zuzendaritza Nagusiko arduradunekin, baina informazio hori ez zaie aldez aurretik helarazi langileen ordezkariei, nahiz eta duela astebete bilera horretara joan diren ordezkariekin bildu ginen, Amurrioko alkatearekin, esaterako. Era berean, erakundeei helarazitako eskaerari buruzko erantzunik gabe jarraitzen dugu, komitearen eta SEPIren arteko bilera bideratu eta erraztu dezaten; izan ere, hori funtsezkoa da arazo nagusiari heltzeko: zorra eta haren birfinantzaketa. LABen ustez, onartezina da egoera larri hau plantillari bizkarra emanda kudeatzea, informaziorik gabe, gardentasunik gabe eta elkarrizketarako benetako espaziorik gabe".
Zenbait hedabidek aipatu dute UGTk ere demanda bideratu duela jadanik, baina, momentuz, ez du adierazpen publikorik egin.
Zenbait hedabidek aipatu dute UGTk ere demanda bideratu duela jadanik, baina, momentuz, ez du adierazpen publikorik egin.
Manifestazioa Bilbon
Bide legala abiatu arren, grebalariek ez diote uko egin kalean egoteari. Gaur Tubos Reunidoseko bulegoetara jo dute eta euren aldarrikapenak utzi dizkiete zuzendaritzako kideei: "benetako negoziazioa egitea, mehatxurik gabe, altzairutegia ez ixtea, logistika ez kanporatzea eta espedientea bertan behera uztea".
Beharginek gogoratu dute zuzendaritzak apirilaren 7an komunikatu ziela lan gatazka amaitzeko bilera egingo zutela, eta ez dutela berririk izan geroztik.
SPRIra eta Eusko Jaurlaritzara ere eraman dute protesta langileek, Industria Sailaren inplikazioa exijitzeko eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak erraztu dezan bilera SEPIren eta sindikatuen artean.
Beharginek aipatu nahi izan dute elkartasun keinuak ere jasotzen jarraitzen dutela eta, adibidez, gaur Artiacheko langileek hainbat gaileta kutxa eman dizkiete.
Argazkiak: Tubos Reunidoseko langileak