Txokogorriren 40 urteak ospatuko dituzte bihar, egun osoko egitarauarekin

Erredakzioa 2026ko apirilaren 24a

Urtarrilean egin zuten Txokogorrin ospakizun dinamikaren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Urtarrilean abiatu zuen tabernak "memoria eta ospakizun dinamika" eta bihar borobilduko dute, musikaz zein gastronomiaz gozatzeko, besteak beste.

40 urte bete dira aurten Amurrioko Txokogorri herriko tabernak ateak zabaldu zituenetik. Urte hasieratik "memoria eta ospakizun dinamika" abian jarri bazuten ere, bihar egingo dute lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko jai nagusia, egun osoko egitarauarekin.

Goizeko hamarretan abiatuko dute eguna, txupina jaurtitzearekin batera. Segituan emango diote hasiera tortilla txapelketari eta erronka luzatu diete parte-hartzaileei: "Ezetz Txokogorrikoak baino goxoagoak egin!"

Bi ordu izango dituzte lehiakideek tortillak entregatzeko. Goizean haurrentzako jolas eta puzgarriak ere egongo dira, Kirikiñoren eskutik.

Alboka eta pandero doinuz girotuko dute eguerdia, eta eguneko ekitaldi nagusia egingo dute 13:30ean. Horren ostean, 14:30ean, Txokogorriko komunitatea osatzen duten 100 lagun baino gehiago bazkaltzeko elkartuko dira.  

Bazkalostean egingo dute enkantea eta azken asteetan saldutako bonolaguntzen zozketa, eta sari ezberdinak irabazteko aukera egongo da: kalitate goreneko produktu sortak, bi pertsonentzako menua Guzurtegi jatetxean, BirraGorri klubeko 3 hilabeteko harpidetza edota 10 gosarirako bonoa.

Hortik aurrera, musika izango da protagonista: Andoni Ollokiegiren kantuak arratsaldea hasteko, Belgorri eta Ez Dok Bape taldeen kale kontzertuak, Otxote Ugarterekin batera afari musikatua eta DJ Maratoia egunari amaiera emateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide