Maiatzaren 7an ez da egongo batzarrik bozkatzeko greba mugagabearekin jarraitu edo ez. Horrela argitu diote Aiaraldea Komunikabideri Enpresa Batzordeko iturri ezberdinek. Ondorioz, El Correok gaur argitaratutako albistea gezurtatu dute.
Vocento taldeko hedabideak adierazi du langileen laurden baten sinaduren babesa duela deialdiak eta maiatzaren 7ko 09:00etan egingo dutela.
Dena den, Tubos Reunidoseko sindikatuek argitu dute albiste hori WhatApp bidez zabaldu den mezu batean oinarrituta dagoela, "baina ez dago sinatuta, ez dauka zigilurik eta Enpresa Batzordeari ez zaio heldu".
ESK-k bulotzat jo du eta ELAk mezua bidali die afiliatuei jakinarazteko batzar bat PDF anonimo bidez deitzea Langileen Estatutuaren kontrakoa dela eta horrela ezin direla erabakiak hartu.
Barne mailan greban inplikatuta dauden sindikatu guztiek hitz egin dute gertatutakoari buruz eta guztiek (ELAk, LABek, UGTk eta ESK-k) ukatu dute albistearekin zerikusirik izatea.