Tubos Reunidos

Batzarrean parte hartu nahi izan dutenak sartu dira jadanik Tubos Reunidoseko lantegian aparteko arazorik gabe

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 7a

Batzarrean parte hartu nahi izan dutenak sartu dira jadanik Tubos Reunidoseko lantegian aparteko arazorik gabe

Gaur goizeko bederatzietarako zegoen deituta Tubos Reunidoseko grebaren jarraipena bozkatzeko bilera Amurrioko lantegian. Aiaraldea Komunikabidetik zuzeneko jarraipen berezia egiten ari gara.

2026ko mai. 7a, 13:29

Hasi dira batzarrean parte hartu dutenak lantegitik ateratzen, grebalarien txaloen artean.

2026ko mai. 7a, 12:32

Berria egunkariak argitaratu duenez, 234 langilek bozkatu dute gaurko batzarrean. 232k greba bertan behera uztearen alde egin dute, batek kontra eta abstentzio bat ere egon da. 889 behargin ditu enpresak.

2026ko mai. 7a, 11:47

Batzarrean parte hartu duten langile batzuk hasi dira ateratzen, baina oso gutxi momentuz.

2026ko mai. 7a, 10:04

Lantegian guztira 230 lagun inguru sartu dira. Piketean salatu dutenez, erdia, gutxienez, Lan Hitzarmen Kolektibotik kanpoko enpresako langileak dira.

2026ko mai. 7a, 09:47

Sarrerak utzitako irudi bat, piketeak lantegian sartu direnei txalo egiten.

2026ko mai. 7a, 09:44

Aparteko tentsiorik gabe egin dute sarrera batzarrean parte hartuko dutenek. Talde txikietan egin dute. Piketeak txaloen artean eta serpentinak botata egin diete ongi etorria.

2026ko mai. 7a, 09:44

Behin batzarrean egongo direnak barruan sartuta, polizia furgonetetara itzuli da.

2026ko mai. 7a, 09:23

Enpresa Batzordea eta batzarraren deitzaileak aurrez aurre ari dira hitz egiten.

2026ko mai. 7a, 09:13

Lantegiko zubira heltzen ari dira batzarrean parte hartu nahi dutenak.

2026ko mai. 7a, 09:10

Langile Batzordeko bozeramaileak gune batean baztertu ditu Ertzaintzak eta ez die uzten pikete informatiboaren lanak egiten.

2026ko mai. 7a, 09:08

Batzarrean parte hartuko duten pertsonen ibilaldia abiatu da berriro. Ertzaintza A-625 errepidean eten du trafikoa, lantegian sar daitezen.

2026ko mai. 7a, 09:06

Langile batzuk sartu dira batzarrera eta piketeak txalo ironiko eta kolorezko ke poteen artean hartu dituzte. Liskarrik ez.

2026ko mai. 7a, 09:00

Ertzaintza exijitzen ari da grebalariei bideko bi errailak libre uzteko. Enpresa Batzordeak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari badirudiela polizia aitzakiak bilatzen ari dela batzarreko langileak ez sartzeko lantegian. Izan ere, piketea aspaldi ari da Ertzaintzak ezarritako marraren barruan, gainditu gabe.

2026ko mai. 7a, 08:56

Batzarrean parte hartzera doan jende taldea geldirik geratu da errepidean eta bilera ez da hasiko 09:00etan.

2026ko mai. 7a, 08:34

Hedabide ugari bertaratu dira goizeko lehen ordutik piketera: El Correo, EITB, RTVE, El Mundo... Ertzaintzak komunikatu berri die kazetariei ezingo dela haien entzumen-segurtasuna bermatu, grebalariek piroteknia baitute eta zarata handia egotea aurreikusten baita. Ez ditu, ordea, medioak fabrika sarreratik kanporatu eta haien esku utzi du geratzeko erabakia.

2026ko mai. 7a, 08:17

Lantegiaren sarreran, bitartean, Brigada Mugikorreko 30 kide baino gehiagoren artean kordoia osatu dute, botoa ematera datozen langileei bidea errazteko.

2026ko mai. 7a, 08:17

Fabrikarako bidea hartu dute galdeketan parte hartzeko asmoa duten langileek. 100 lagun inguru abiatu dira Iparraldeko geltokitik, tartean galdeketaren deitzaileak eta Andres Garcia, Enpresa Batzordeko presidentea, besteak beste.

2026ko mai. 7a, 07:58

Atzo iragarri bezala, 07:55ean elkartu dira galdeketaren antolatzaileak eta boz-emaileak Iparraldeko tren geltokian. Lantokiraino "ibilaldi lasaian" joango dira, Ertzaintzak lagunduta.

2026ko mai. 7a, 07:53

Ertzaintzak alfonbra gorria fabrikaren barru alderaino mugiarazi die langileei.

2026ko mai. 7a, 07:39

Brigada Mugikorra fabrikaren sarreraraino hurbildu da.

2026ko mai. 7a, 07:39

Langileak zubitik mugiarazi ditu Ertzaintzak. Grebalariek fabrika sarreran jarri dute alfonbra gorria, grebaren jarraikortasuna bozkatzera datozen langileentzat.

2026ko mai. 7a, 07:35

Presentzia polizial handiarekin abiatu da goiza Tubos Reunidosen fabrikaren inguruetan. Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren sei ibilgailu eta beste sei auto bertaratu dira une honetarako. Beharginekin hitz egin du poliziak eta "goiza Ertzaintzak ebazten dituen parametroen arabera joango dela" adierazi die.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide