Gaur goizean Madrilgo Senatuak saioa izan du eta Josu Estarrona EH Bilduko ordezkariak Tubos Reunidosi buruzko galdera egin dio Espainiako Gobernuari. Zehazki, senatariak jakin nahi izan du zein asmo dute enpresari dagokionez.
Carlos Cuerpo Espainiako Lehen Presidenteordeak eta Ekonomia Ministroak hitza hartu du gogoratzeko bere Gobernuak jadanik gauza ugari egin dituela Tubos Reunidosen alde: 120 milioi euroko kreditua SEPIren bitartez, 20 milioi euro ICO funtsen aldetik eta beste 10 milioi euro industria elektrointentsiboa delako (horietako 8,5 Amurriora bideratuta).
Hori esanda, ministroak ziurtatu du administrari konkurtsalak hartzen dituen erabakien arabera, Gobernuak hurrengo asteetan aztertuko duela zer egin multinazionalari dagokionez, baina erantsi du aintzat hartuko dituztela langileen interes onenak enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Berez, Cuerpok gogoratu zuen Gobernuarekin duela konpainiak zor handiena.
Estarronak bigarren aldiz bideratu zion galdera, azpimarratuta Aiaraldearen etorkizuna dagoela jokoan eta aipatuta zorraren zati bat bertan behera uzteko aukera dagoela. Cuerpok erantzun zuen Gobernuak "borondate osoa" duela eta alde guztiekin lan egingo duela eta bide legal oro aztertuko duela.