Tubos Reunidoseko LABek adierazi du "etsituta" dagoela Eusko Jaurlaritzarekin, gaur Legebiltzarreko Industria Batzordean parte hartu eta gero

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 19a

Tubos Reunidoseko langileak./ Aiaraldea

Tubos Reunidoseko langileen ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean parte hartu dute gaur eta LABek oharra zabaldu du etsipena adierazteko EAJ eta PSE-EEren jarrerarekin lan gatazkari dagokionez.

Tubos Reunidoseko beharginen ordezkaritza batu da gaur Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean eta LAB sindikatuak oso ohar kritikoa zabaldu du. Izan ere, langile erakundeak etsipen sentsazioa adierazi du EAJ eta PSE-EEko hitzartzeen ondorioz: "Beste behin ere hitz hutsak entzun ditugu, plantillaren “ardurari” egindako dei orokorrak eta konpromiso itxurako mezuak, baina ez dugu autokritika bakar bat ere entzun erakundeek prozesu honetan izan duten paperari buruz, eta are larriagoa dena, ez da aipamen bakar bat ere egin Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren eta akziodunen erantzukizunei buruz".

Gobernua enpresaren alde

LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzak ezer gutxi egiten du langileen alde eta zuzendaritzaren alboan lerrokatzen da etengabe: 2Hilabeteak daramatzagu eredu bera ikusten: presioa eta exijentziak plantillaren aurka, egoera honetara enpresa eraman dutenak babesten diren bitartean. Diskurtso instituzional asko, baina informazio zehatzik ez, gardentasunik ez eta Tubos Reunidosen etorkizun industriala bermatzeko benetan zer neurri hartuko dituzten azaltzeko borondaterik ere ez. Gaur bertan berriro entzun ditugu ustezko inbertitzaileei buruzko iragarpenak; hilabeteak daramatzagu diskurtso hori entzuten, baina oraindik ez da ezer zehatzik mahai gainean jarri. Plantillak ziurtasunak, gardentasuna eta benetako konpromisoak behar ditu, ez titularrak eta adierazpen hutsak".

Gardentasunaren beharra

Sindikatuak berriro errepikatu du greba mugagabea ez dela inoiz Tubos Reunidosen arazoa izan, eta bai zuzendaritzak egin duen kudeaketa txarra eta baliatu eta baliatzen duen gardentasun falta.

"Gatazkak neurri oso larriak geldiarazteko eta benetako erantzukizun enpresarial eta instituzionalak eztabaidaren erdigunean jartzeko balio izan du", aldarrikatu du LABek. Halaber, azpimarratu du Tubos Reunidoseko arduradunek proposatutako neurriak ez direla eraginkorrak izan eta ez dutela hartzekodunen konkurtsoa ekidin. Horregatik, hain zuzen, exijitu dute kaleratzerik ez egotea, altzairutegia ez ixtea eta logistika ez kanporatzea.

Atzera begira egungo egoera ulertzeko

Horrez gain, LABek zein gainerako erakundeek errepikatu dute egungo ataka 2008an duela iturburua: "Gogorarazi dugu 2008an jada 170 milioi euroko zorra sortu zela akziodunen arteko finantza-operazio baten ondorioz, eta hor dagoela gaur egungo egoeraren jatorri nagusietako bat. Era berean, azpimarratu dugu 2021ean enpresak 112 milioi euro jaso zituela SEPIren diru publikotik, eta gaur egun oraindik inork ez duela gardentasunez azaldu zer egin den diru horrekin eta nork hartuko dituen
erantzukizunak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide