Euskal Jaia ospatuko dute bihar Amurrion

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 22a

Dantza emanaldia izango da eguneko ekintza nagusia, 12:30ean Juan Urrutia plazan. / Aiaraldea.eus

Aiara Dantza Taldeak egun osoko egitaraua prestatu du 2026ko Euskal Jaiaz gozatzeko. Azoka eta dantza emanaldiarekin hasiko dute eguna, eta musika eskaintzak gaueko ordu txikiak arte luzatuko du festa-giroa.

Euskal Jaiaren 2026ko edizioa ate joka dago honezkero. Aiara Dantza Taldeak egun osoko egitaraua prestatu du biharko (maiatzak 23) Amurrion, dantza eta euskal kultura ardatz. Atzo arratsaldean ekin zieten beroketa lanei, Otxote Ugartek girotutako kantukada eta pintxopote berezian.

Larunbata bertako produktuen azokarekin abiatuko dute. 10:00etatik hasita eta 14:00ak arte dozenaka artisau eta tokiko ekoizle elkartuko dira Elexondo pasealekuan. Kale-animaziorik ez da faltako: 11:30ean kalejiran aterako dira Urduñako Bihotza Konpartsaren erraldoiak Amurrioko Txistuzaleak Elkartearen erritmora.

Eguneko plater nagusia Aiara Dantza Taldeak 12:30ean Juan Urrutia plazan eskainiko duen dantza emanaldia izango da. Horren ostean kalejira egingo dute herrian barrena eta parkean bazkalduko dute. Bazkalostea bingo musikatuarekin girotzearen ardura Dantza Lagunak kuadrillak izango du. Guk eskulturaren inguruan haurrei zuzendutako Kalaka jokoak egongo dira eta Txokogorri tabernan mus txapelketa egingo dute.

17:00etatik aurrera parkeko eszenatokia izango da jai-giroaren epizentroa. Patxi eta konpainiak dantzaldia eskainiko dute aurrena. Jarraian, Jonkass igoko da oholtzara, eta eguna bukatzeko Musutruk erromeriak ordu txikiak arte luzatuko du festa.

Aiara Dantza Taldeko kideek baserritarrez jantzita joateko deia luzatu dute. Kontzertuen ostean, gainera, 200 eurotan balioetsitako euskal jantzi bat zozkatuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide