ERREPORTAJEA

Burubio Elkartea, ikusi arte

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 26a

Zuzeneko musikak lubaki bat galdu du Aiaraldean. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko musikarien aterpea izan da Burubio Elkartea hamar urtez. Dozenaka talde igo dira bertako eszenatokira. Orain, behin betiko itxi ditu ateak. Makro-jaialdien zerrenda luzea puzten ari den garaiotan, harribitxi bat galdu du areto txikien lubakiak.

Bukatu da. Behin betiko eten du bere ibilbidea Burubio Elkarteak. 2023tik arrastaka zeraman ezintasunak bideraezin egin du proiektuaren etorkizuna. Arnasgune bat galdu du Aiaraldeko kultur sorkuntzak. Aterperik gabe geratu dira musikariak eta umezurtz zuzeneko musika gosez zirenak.

10 urteko ibilbidea

Elkartearen 10. urteurrenarekin egin du bat etenak. 2016an entsegu-lokalak bizirik mantentzeko asmoarekin sortu zen proiektua. La Kuadra etxearen desalojoaren ondotik, bertan entseatzen zuten zenbait taldek Amurrioko Maskuribai industriaguneko pabiloi bateko geletan jarraitu zuten bidea. Talde bakoitza bere gelan, harik eta jauzi kolektiboa eman zuten arte. Lokalak ekonomikoki bideragarri egin asmoz, pabiloia bere osotasunean alokatu eta eskaintza zabalago bat jarri zuten martxan. Musika-ikastaroak, zuzeneko kontzertuak edota grabaketa estudio zerbitzuak eskaintzearekin batera, ekin zion ibilbide publikoari Burubio Elkarte jaioberriak.

Urte luze hauetan berrogei talde baino gehiago igaro dira Burubioko entsegu-lokaletatik. Badira lehenengo egunetik azken egunera arte Burubion bildu diren proiektu musikalak; eta badira ere ibilbide efimeroagoa izan dutenak. Batzuk jendetsuagoak, beste batzuk solistak. Dozenaka kontzertu eskaini dituzten taldeak edota entsegu-lokaleko lau hormak sekula gainditu ez dituzten proiektuak.

Izate Faltsua, Nakkiga, Five Corners, Astarte, Uluka, Ikäara, Patx & Run, 4Bancos, Gwa Ya Reggae, Perdido Ente Ilusiones… asko dira Burubioko DNA daramaten taldeak. Adreiluen artetik oholtzara jauzi egiten azkenekoetako bat Not hirukotea izan da. 

Dozenaka talde aritu dira Burubioko eszenatokian: Su Ta Gar, Willis Drumond, Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Sara Zozaya, Liher, Nogen, Lukiek, Dupla, Berri Txarrak…

Musikaren gotorleku

Tokiko taldeentzat bezain beste, Euskal Herriko puntako banda askorentzat ere aterpe izan da Burubio Elkartea. “Gertuko harremana eskaintzen diegu talde horiei guztiei, eta etxean bezala sentitzen dira hemen. Lokalean bezala egotea da eurentzat baina eszenatoki handi batetik probatu dezakete zuzenekoen errepertorioa, argiak…”, azaldu zioten bere garaian Aiaraldea Komunikabideari Burubioko lagunek.

Zea Mays taldea da horren adibide. Bilbotarrek Burubion prestatu zuten Adore Kemena Kuraia diskoa aurkezteko bira 2023an. Hainbat entsegu egin zituzten bertan, bai eta zuzeneko errepertorioa probatzeko kontzertua ere. Bira hartan Boiro, Berlin, Bartzelona edota Madril bezalako hiriak bisitatu zituzten, baina aireratzeko pista Amurrio izan zuten.

Pi.L.T. mungiarrak ere Burubion gotortu ziren itzulera bira abiatu aurretik. 2018an izan zen hori. Metal talde ezagunak 11 urteko etena hautsi eta Amurrioko aretoan prestatu zituen zuzenekoak, berriro ere jendaurrera agertu aurretik. 

Kontzertu eskaintza oparoak egin zuen ezagun Burubio Euskal Herri luze zabalean. Hiri handietako aretoetatik haratago, musikaren mapan jarri zituzten Amurrio eta Aiaraldea. Dozenaka talde aritu dira tokiko eszenatokian; Su Ta Gar, Willis Drumond, Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Sara Zozaya, Liher, Nogen, Lukiek, Dupla… amaigabea da zerrenda.

Berri Txarrak taldeak bertan eskaini zuen Araban inoiz emango zuen azken kontzertua, 2019ko Ikusi Arte agur biraren barruan. Berriren sukarra puri-purian zegoen orduan, eta batek baino gehiagok ondo gogoratuko du sarrera lortzeko egin beharreko ilara luzea.

Kideak eta publikoa

Elkarteko bazkideei esker urratu du bidea Burubiok hamar urteko existentzian. Aretoa inauguratu eta urtebetera jarri zuten abian bazkidetza kanpaina. 70 bazkide baino gehiagok osatu dute Burubio Elkartea, eta hauen ekarpen ekonomikoari esker biziraun du proiektuak orain arte. Elkartearekiko ekarpen horren truk bazkideek deskontuak jasotzen zituzten urteko kontzertu guztietan. Bazkideen ondotik publikoa izan da Burubioren bihotza taupaka mantendu duena; makro-jaialdien garai betean geroz eta preziatuagoak aretoetako militante fidelak. Burubiotarrek ere nozitu behar izan zuten publikoaren beherakadaren joera orokortua; estadioak gainezka eta areto txikiak hutsik. “Zuzeneko musikaren eskaintza oso handia da, baina publiko falta dago, aretoak ez dira betetzen. Joera orokortua da areto guztietan publikoa jaisten ari dela. Ohitura falta dago zuzenekoez gozatzeko, kontsumo ereduak asko aldatu dira, eta plataforma digitalak dira orain nagusi”, aitortu zioten Aiaraldea Komunikabideari 7. urteurrenaren testuinguruan.

Etena

Nekez bete daitezke aretoak zuzeneko musikarik ez dagoenean. Arestian aipatutako 7. urteurren betean jaso zuten Burubioko kideek kontzertuak egiteko debekua. Txosten tekniko baten aburuz, lokalak bigarren larrialdi-irteera baten beharra zuen jendaurreko ekitaldiak antolatu ahal izateko. Egoera horren aurrean kontzertuak etetea erabaki eta alternatiba bila hasi ziren. Denbora guzti honetan Amurrioko Udalarekin komunikazioa, ordea, “oso zaila” izan zela aitortu dute Burubioko kideek. 2025ean utzi zion elkarteak udal-dirulaguntza jasotzeari. Entsegu-lokaletan biltzen ziren taldeek espazioaren kostu ekonomikoa euren bizkarretan hartzea gehiegizkoa zela iritzita, Burubioren bidea amaitutzat ematea erabaki zuten.

Burubio ostean, zer?

Hutsunea utzi du Burubio Elkarteak areto txikien itsaso txikian. Maskuribai industriaguneko espazioan batzen ziren hainbat talde eta musikarik Amurrioko Musikazale Elkartearen inguruan antolatzen hasi dira berriki, eta dagoeneko ehun sinadura baino gehiago bildu dituzte entsegu-lokal berrien alde. Ikusteke dago bide berri honek nora eramaten dituen Aiaraldeko sortzaile eta ikusleak. 
Lubaki berriak behar ditu zuzeneko musikak, berandu baino lehen iritsiko da Burubioren lekukoa hartuko duen hurrengo katebegia, hala bedi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide