Azken ikasturteetako dinamikari helduta, Europako herrialdeekin zubiak eraiki ditu Amurrioko Zaraobe Institutuak. Aurten ere Erasmus+ programarekin bat egin eta DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako dozenaka ikaslek izan dute atzerrian ikasketak garatzeko aukera.
Zubiak eraikiz
Aurten DBH eta Batxilergo mailetako 53 ikasle eta 8 irakasle batu dira mugikortasun programetara. Memoria historikoa ardatz. Italiako Bassano del Grappa eta Frantziako Lezignan hiriak bisitatu dituzte dagoeneko, bi talde desberdinetan. Amurrioko ikastetxeak, gainera, astebetez jaso ditu bi herrialde horietako ikasleak. Zaraobeko hezkuntza komunitateak "beso zabalik" hartu zituztela azaldu du. Besteak beste, Gernika, Gaztelugatxe, Bilbo edota Donostia bisitatu zituzten egonaldian: "Esperientzia zoragarria eta ahaztezina izan da haientzat eta Gernikako bonbardaketa, Espainiako trantsizio demokratikoa eta demokrazia garaien gertaerak ezagutzeko aukera izan dute".
Herrialdeen arteko elkartrukeen segidan, Polonia dute hurrengo helmuga Zaraobeko ikasleek. Ekainaren 14an bidaiatuko dute bertara, eta astebeteko egonaldia egingo dute Katowiceko institutuko ikasleekin. Aschwitz eta Krakovia bisitatuko dituzte. "Sekula ahaztuko ez duten bisita" izango dela nabarmendu dute Zaraobe Institutuko irakasleek.
Gainera, ikasleen elkartruke esperientzia hauetatik aparte, DBHko bi irakasle Txekiar Errepublikako Brno hirian izan dira Erasmus+ programari esker, "bertako hezkuntza sistemaz ikasi eta Zaraobekoa hobetzeko asmoarekin".

Lan-prestakuntza atzerrian garatuz
Lanbide Heziketako ikasleek ere izan dute mugikortasun programa hauetaz gozatzeko aukera. Azken ikasturteetan 16 ikaslek Europako hainbat herrialdetara bidaiatu dute praktikak egitera; “prestakuntza, lan-esperientzia eta hazkunde pertsonala uztartuz”. Italia, Portugal, Danimarka, Finlandia, Alemania, Herbehereak, Bulgaria, Irlanda eta Polonia dira Zaraobeko ikasleek ezagutu dituzten tokietako batzuk.
Aurtengo ikasturtean, esaterako, Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arretako Goi-mailako zikloko ikasleak Dinamarkako Fanø uhartean izan dira lehen urteko praktikak egiten.
Goi-mailako zikloetako ikasleak ez ezik, Lanbide-heizketako ginerako zikloetako ikasleak ere izan dira nazioartekoko egonaldietan. Finalndia, Bulgaria, Italia, Danimarka, Portugal… izan dituzte helmuga.

Lisboan praktikak egin dituzten ikasleek oso positiboki baloratu dute esperientzia: “Arlo profesionalean, ikasketa akademikoetan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko eta sendotzeko aukera izan dugu. Alde pertsonalean, esperientzia hau erronka handi bat izan da eta horrek heltzeko aukera eman digu. Lisboa gure bihotzean egongo da beti: une ahaztezinak, lagun berriak eta heldutasuna oparitu dizkigu”.
Bide beretik jo dute Finlandia lan-prestakuntza garatu duten Zaraobe Institutuko Gizarteratze Zikloko ikasleek ere: “Finlandian izan dugun esperientzia izugarria izan da. Sistema erabat desberdin batek nola funtzionatzen duen ikusi dugu eta bertako jendeak etxean bezala sentiarazi gaitu. Esperientzia ahaztezina izan da.”
Fabrikazio-teknika berriak ikasi eta nazioarteko ekoizpen prozesuak hobeto ulertzeko ikasketa prozesu “oso egokitzat” jo dute Italian mekanizazio praktikak egin dituzten aiaraldearrek: “esperientzia oso aberasgarria izan da, pertsonalki zein profesionalki hazteko aukera eman diguna”.
Joan eta etorriko esperientzia
Ugariak izan dira ere Amurrioko zentroak jaso dituen nazioarteko ikasleak. Aurtengo ikasturtean Danimarkako ikasleak izan dira Zaraobe Institutuan, eta Arespalditzako Alday nagusien egoitzan egin dituzte praktikak.
Nazioarteko mugikortasun programak “esperientziak bizitzea, haztea, norberarengan konfiantza irabaztea eta mundura irekitzea” direla aldarrikatu du ikastetxeko lan-taldeak: “Aiaraldea bezalako eskualde batean, non Lanbide Heziketak lotura estua duen inguruko industria eta gizarte sarearekin, Erasmus+ bezalako programek ikasleei aukera ematen diete etorkizuna zabaltzeko beraien sustraiak galdu gabe. Amurrioko eta eskualde osoko gazteek hemen ikasi eta, aldi berean, Europa ezagutzeko, beste lan egiteko modu batzuk ikusteko eta gero eta nazioartekoagoa den lan merkaturako prestatzeko aukera izaten dute”.
