Zaraobe Saskibaloi Taldeak hitzordu garrantzitsua izango du asteburuan Bañueta kiroldegian. Izan ere, emakumezkoen seniorrek eskura izango dute maila nazionalera igotzea eta lauko finala jokatuko dute horretarako.
Lehen hitzordua larunbatean izango dute 19:00etan Araskiren kontra eta, finalerako txartela lortuz gero, igandean 11:45ean izango lukete norgehiagoka.
Klubak azpimarratu du inportantea dela jokalariak babestea eta jaia egingo dute giroa sortzeko asmoz. 13:00etatik 18:30ak arte pintxoak, poteak eta musika eskainiko dituzte Basarte futbol zelaian. Helburua da jendetza biltzea eta arratsaldea elkarrekin gozatzea, partida hasi arte.
Emakumeak nagusi
Berez, Zaraobe Saskibaloi Taldeak uste du marka historikoak lortu dituela emakumezkoen parte hartzeari dagokionez. Guztira 16 talde dituzte, 200 kide inguru. "Oso klub gutxik daukate hain jokalari kopuru handia kategoria femeninoetan, eta are gutxiago herri batean", aldarrikatu dute.
Gizonezkoen taldeak ere ugariak dira, zazpi baitira, 125 jokalarirekin.