Tubos Reunidos

Tubos Reunidosek Osasunaren Zaintza Zerbitzua kanporatu duela salatu du ESK-k, lan hitzarmen kolektiboaren kontra

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 30a

Tubos Reunidoseko langileen protesta baten irudia. / Aiaraldea.eus

Sindikatuaren arabera, fabrikan zeuden bi medikuek enpresa utzi dutela baliatu nahi du zuzendaritzak Quirón konpainiari emateko zerbitzua, eta azpimarratu dute Tubos Reunidosen Hitzarmen Kolektiboak espresuki ezartzen duela medikuntza lotutako eta bajak kontrolatzeko funtzio jakin batzuk “Tubos Reunidos Groupeko barne langileek soilik” egin behar dituztela.

ESk sindikatuak oharra zabaldu du jakinarazteko Tubos Reunidoseko zuzendaritzak aldebakarrez erabaki duela Osasunaren Zaintza Zerbitzua kanporatzea eta Quirón enpresari ematea. Langile erakundeak erabateko desadostasuna adierazi du, lan hitzarmenak jasotzen duelako funtzio horiek taldeko langileek bete behar dituztela.

Antolakundeak azaldu du orain arte egondako bi medikuek konpainia utzi dutela eta hutsune hori aprobetxatu nahi duela zuzendaritzak kanpo enpresa baten bitartez egiteko: "Hitzarmenak etengabeko aipamena egiten dio Enpresako Zerbitzu Medikoari, Tubos Reunidosen barruko egitura propio eta integratu gisa. Bertako profesionalek Langileen Legezko Ordezkaritzarekin (LLO) koordinatutako barne-prozesuetan, lan-batzordeetan eta jardueretan parte hartu ohi dute". 

Halaber, ESKren aburuz erabakiak Prebentzio Legea ere urratu du, prebentzio-ordezkariei kontsulta egin behar baitzaie aldez aurretik.

Hartzekodunen konkurtsoa

Sindikatuak erantsi du neurri hori langileek lortutako eskubideen kontrakoa dela eta frogatzen duela, nahiz eta hartzekodunen konkurtsoan egon, betiko zuzendaritza ari dela enpresaren erabakiak hartzen, esaten denaren kontrara. "Honek ez du Tubos Reunidosen egoera finantzarioa hobetzen, langileen eskubideak murriztea dakar soilik", nabarmendu du langile erankundeak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide