Musika eta publiko anitzen elkargune izan da Aiara Fest bere bigarren edizioan

Maider Ramirez Martin 2026ko ekainaren 1a

Euskal Herriko zein kanpoko talde ugari igaro dira ostiral zein larunbatean Refor guneko eremutik: La Pegatina, Su Ta Gar, Gwa Ya, Süne, Merina Gris edo Sangijuelas del Guadiana, besteak beste. Festibaleko giroa nabarmendu eta egutegi musikalean presentzia indartu duela adierazi dute antolatzaileek.

Puntako artistez gozatzeko aukera egon da asteburu honetan Amurrion, Aiara Fest jaialdiaren bigarren edizioan. Ostiral zein larunbatean musika estilo anitzetako taldeak igo dira eremuan muntatutako eszenatoki bietara. Positiboki baloratu du antolakuntzak aurtengo edizioa "bai publikoaren harreragatik zein ekitaldiaren funtzionamendu orokorragatik".

Ostiralean Mirua talde tolosarrak estreinatu zuen oholtza eta haien atzetik etorri zen kontzertu zaparrada: Niña Coyote eta Chico Tornado, Sanjiguelas del Guadiana, Sobrezero, Su Ta Gar, Süne eta Biznaga taldeek astindu zuten Amurrio. Sr. Lobezno DJak itxi ditu festibalak irauten dituen bi egunak.

Larunbatean, ordea, Gwa Ya reggae talde aiaraldearrena izan zen egunari ekiteko ardura. Taldekideen hitzetan, "aukera oso handia izan da horrelako eszenatoki handi batean jotzea, azpiegitura profesionalarekin eta soinu-teknikari bikain batekin". Eman beharreko guztia oholtzan eskaini eta gero, musikaz beteriko arratsalde eta gauaz gozatzeko aukera heldu zitzaien haiei ere. El Jose, Janus Lester, Javi Medina, Dubioza Kolektiv, Merina Gris eta La Pegatinaren kantek girotu zuten arratsaldea zein gaua.

Jaialdia positiboki baloratu du antolakuntzak eta lehen ordutik apurka biltzen joan ziren entzuleen harrera nabarmendu izan du: "Arratsaldeko lehen zuzenekoetatik hasi eta goizaldeko azken uneetara arte, esparruak energia etengabea mantendu zuen, jaialdiaren erritmoa lagundu eta esperientziaren izaera kolektiboa indartu zuen publikoarekin".

Proposamen artistikoaren aniztasuna ere azpimarratu dute festibaleko antolatzaileek. Horren isla da, esaterako, hainbat familia hurbildu zirela kontzertuez gozatzera, "mundu musikal berri bat deskrubitzen ari ziren neska-mutilekin". 

Gauzak hala, Euskal Herriko egutegi musikalean "bere presentzia indartzen jarraitzen duela" baieztatu dute Aiara Festeko arduradunek, bai eta "Amurrio berriz ere kultura biziaren, musikaren eta ospakizun partekatuaren topagune gisa" jarri duela mapan. 

Argazkiak: Ainhoa Lauzirica (Aiara Fest) eta Txabi Alvarado

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide