Iragan osteguneko udalbatzan onartu ziren Amurrioko Udalaren aurtengo aurrekontuak, EAJ eta PSE-Eeren aldeko botoekin.
Bi alderdi horiek osatutako tokiko gobernuak zehaztu duenez, 24.029.805,94 euro baliatuko ditu Udalak aurten, eta “hiri-eraldaketara bideratua” egongo da zati handi bat.
Izan ere, 6,3 milioi euro bideratuko dituzte “etxebizitza-proiektu estrategikoetara eta hezkuntza- eta kirol-instalazioak leheneratu eta modernizatzera”.
Atal horretako diru gehiena (4,2 milioi) Goikolarra auzoaren birgaitzera bideratuko dute. Gainontzeko bi milioiekin, aldiz, hainbat obra egikaritu nahi dituzte, honakoak:
- 550.000 euro Mendiko Eskolako patio estalia gauzatzera, Arabako Foru Aldundiarekin batera.
- 332.000 euro Zabaleko Eskolara, aldagela eta harmaila berriak eraikitzeko.
- 100.000 euro Tipi Tapan haurrentzako gela berri bat jartzeko.
- 105.000 euro padel-pisten egokitzapen akustikoa egiteko.
- 275.000 euro Udal Pilotalekua handitzeko lanak abiatzeko. Zehaztu dutenez, datorren urtean 1,8 milioi euro bideratuko dituzte zeregin horretara, Foru planaren finantzazioa jasota.
- 180.000 euro Mendiko kalea berritzera.
- 187.500 euro Sukaldeberri proiektura. Nekazaritzako elikagaien sektorea eta bertako produktua bultzatzea izango da egitasmo horren xedea, Reforren.
Diru partida gehiago
Horrez gain, Udal gobernuak nabarmendu du 2,9 milioi euro bideratuko dituztela gizarte babeserako eta sustapenerako politiketara, proiektu hauek bultzatzeko:
- 200.000 euro Eguneko Arretarako Baliabide Zentro berria hornitzera.
- 371.000 euro San Mames Etxearen funtzionamendura.
- 230.000 euro gizarte-larrialdietarako laguntzetara.
- 900.000 euro baino gehiago enplegu eta prestakuntzara, zeregin hori Udalaren esku geratuko baita hemendik aurrera.
- 167.000 euro V. Berdintasun Plana bultzatzera.
Horrez gain, 2,3 milioi euro baliatuko dituzte udalerriko “kultur garapenerako” (Kultur Etxea, Arte Eskola eta Amurrio Antzokia ardatz hartuta) eta 297.000 euro euskararen esparrurako.
Horrez gain, “partida aintzindari bat” ere abiatu nahi dute, 10.000 eurokoa, zuzeneko laguntzak emateko “zeliakoak edo glutenarekiko intolerantzia larriak dituzten pertsonak dituzten familiei”, gaitz horiek eragiten duten “elikadura-gainkostua arintzeko”.
286.000 euro Administrazio batzarrei
Bestalde, 286.000 euroko ekarpena egingo die Udalak Administrazio batzarrei. Zehazki, 233.000 euro emango die tokian tokiko erakunde horiei, eta beste 34.000 euro bideratuko ditu eguneroko garraio-zerbitzuetara eta laguntza teknikora.
Horri lotuta, Udalak iragarri du “taxi zerbitzu pilotu berria” aktibatuko duela, “erabat doakoa, kontzejuak hirigunearekin lotzeko asteroko azoka egunetan”.
EH Bilduren kritikak eta Udalaren erantzuna
Udal aurrekontuen aurka bozkatu zuen EH Bilduk udal osoko bilkuran, eta prentsa oharra plazaratu du bere jarrera azaltzeko. Oposizioko taldeak ohartarazi du diru-sarreren eta gastuen arteko defizita 2 milioi eurotik gorakoa dela.
Gauzak hala, udal kontuak "hondamendira eramatea" leporatu dio Udal gobernuari. "Udala sartzen dena baino gehiago gastatzen ari da, askoz gehiago", ohartarazi dute koalizio subiranistako kideek, eta nabarmendu dute "EAJren kudeaketa kaskarra" dagoela horren atzean.
Udal gobernuak, bere aldetik, aurrekontuen nondik norakoak azaltzeko argitaratutako oharrean bertan erantzun die kritika horiei. Udal kontuek “osasun finantzario bikaina” dutela defendatu dute EAJk eta PSE-EEk, gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina 5,5 milioi eurokoa dela eta aurrezki garbi positiboa dagoela nabarmenduta.
“Aurrekontu honek estaldura soziala zabaltzen du, inbertsioa mantentzen du eta gure adierazle finantzarioak hobetzen ditu", ziurtatu dute .Gauzak hala, “hauteskunde-diskurtsoa” izatea leporatu diote oposizioari.