SARA FRAILE GOMEZ

“Niretzat garrantzitsua zen Txakolin Egunean arnasten den giroa islatzea”

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 3a

Sara Fraile Gomezek diseinatu du Txakolin Eguneko kartela. / Aiaraldea.eus

SARA FRAILE GOMEZek (Amurrio, 2000) osatu du aurtengo Txakolin Eguneko iruditegia. Kartelaz gain, zapiak ere diseinatu ditu egunerako. 

Aurtengo Txakolin Eguneko kartela eta iruditegia osatu dituzu. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Betidanik bizi izan dudan jai bat da Txakolin Eguna. Niretzat garrantzitsua zen egun horretan arnasten den giroa islatzea; ez soilik ilustrazioan, baita koloretan edota konposizioan ere. 

Nire buruari galdetu nion ea zer zen niretzat Txakolin Eguna. Uda usaina du, egun eguzkitsua da, txakolina dago erdigunean... baina poztasunari lekua emateko tokia ere bada. Uste dut erreferentziazko egun bat dela Amurrion eta eskualde osoan. 

Sortu dudan iruditegian presente daude parkeko belarra, zeinetan kuadrilla guztiak batzen diren eta giroa sortzen den. Txakolina ere dago. Kolore aldetik aniztasuna eta poztasuna islatu nahi izan ditut. Gainera, diseinu honek ere aukera eman digu zapia sortu eta iruditegia zabaltzeko. 

Aipatu duzunez, txikitatik ezagutu duzu Txakolin Eguna. Zer nolako ospakizuna da zuretzat?

Txikitan egun osoa ematen genuen kanpoan. Oso egun librea zen: jolasten, dantzatzen… igarotzen genuen. 
Nagusitu naizen heinean beste alde batetik disfrutatu dut. Bada apur bat ezkontzetan bezala: pertsona guztiak daude ondo eta gustura egoteko aurretiko jarrerarekin. Egun maitekorra da. 

"Uda usaina du, egun eguzkitsua da, txakolina dago erdigunean... baina poztasunari lekua emateko tokia ere bada"

Honako hau ez da egiten duzun lehenbiziko lana. Noiz eta nola sartu zinen diseinuaren esparruan?

Eskertzen dut galdera hau. Egia esan, diseinu grafikoa ikasi eta gero zuzenean sartu nintzen estudio batean lanean, eta une jakin batean ikusi nuen bertan nire denbora amaitu egin zela. Orduan nire kabuz hasi nintzen lanean, eta autonomo moduan nabil orain. Jaialdietarako iruditegiak sortzen nago. Bilbon ospatzen den Fashion Revolution ekimeneko irudiak sortu ditut aurten eta baita iaz ere, adibidez. Horrez gain, autonomo moduan branding-a garatzen dut, Kooperarako ere egin dut lan, webguneak diseinatzen ditut…

Noiz eman zenuen urrats hori?

Iazko urtarrilean utzi nuen lana eta azaroan hasi nintzen autonomo moduan. 

Merezi izan du?

Bai. Uste dut bat datorrela nire bizitzarekiko begiradarekin. 

Zaila da enkarguen eta zure sorkuntza propioaren arteko oreka mantentzea?

Lehenbizi, saiatzen naiz nire burua ez presionatzen. Badaude une zehatz batzuk zeintzuetan gehiago zentratu behar naizen dirua ematen didaten proiektuetan eta ez dudan niretzako denborarik. Kasu horietan ez dut nire burua zigortzen proiektu propioak garatzen ez egoteagatik. Nik asko konfiantzen dut intuizioan eta nire momentuetan. Ez dut gorputza presionatuko ze bestela zentzu guztietan blokeatuko naiz. Nahiago dut denbora dudan heinean gauzak ateratzea, baina presio gabe. 

Baduzu proiektu pertsonalik une honetan esku artean?

Banago ilustrazio proiektu bat garatzen, Txoko txikiak izenekoa. Lore prentsatuak eta ilustrazioa konbinatzen ditut bertan. Hori da nire burua argitu eta garbitzeko modu bat. 

Enkarguak ere egiten ditut. Amurrion, egia esan, harrera ona izaten ari naiz. Grafikoki ere baditut nire proiektuak baina oso denbora gutxi daramat autonomo moduan eta kostatzen zait denbora eskaintzea. Baina gogoz nago eta seguru nago egingo dudala.

Gustatzen zaigun hori egin behar dugu, eta horrela dena ondo aterako da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide