Mikel Jon Lara Fernandez 36. postuan sailkatu zen asteburuan Irunen, Europako OCR (Obstacle Course Races) Txapelketan. Kirola indar, sendotasun eta erresistentzia handia exijitzen die parte-hartzaileei, oztopo ugari gainditu behar baitituzte.
Amurrioarrarentzat erronka handia izan zen, kontinenteko atleta onenekin neurtu baitzituen indarrak: "Lasterketa buru hotzez planteatu nuen, indarrak azken zatirako gordez; izan ere, bertan 10 oztopoko multzo bat genuen, besaurreak sutan uzten zituena".
Oro har, pozik amaitu zuen, sailkapenean sartu baitzen, baina uste zuen Trailaren partean hobeto egin ahal zuela. Hurrengo urtean espero du Estonian egotea txapelketan eta orduan gehiago arriskatzen saiatuko da.
Momentuz, han eta Munduko Txapelketan egoteko Espainiako Liga irabazi beharko du eta gaur gaurkoz lehen sailkatua da eta iaz irabazlea izan zen.
Osasun fisiko eta mentala
Mikel Jon Lara Fernandezek aitortu du kirola ezagutu zuela une kritikoan bere bizitzan, depresioa pairatzen ari baitzen. OCR lasterketa batean parte hartu eta gero bere harremana burua eta gorputzarekin hobetzen joan zen eta emaitza onak ere eskuratu zituen.
Gauzak horrela, OCR Araba taldeak fitxatu zuen eta iaz Logroñon Espainiako Txapelketako onena izan zen AG Elite kategorian.
Israelen parte hartze polemikoa
Irungo hitzorduak hautsak harrotu zituen egun batzuk lehenago, Israelgo Taldeak parte hartzeko asmoa baitzuen. Boikot kanpainaren ondorioz taldea kanporatua izan zen, nahiz eta atleta israeldar asko bere kabuz bertaratu ziren.
Mikel Jon Lara Fernandezek azaldu du kirolariak horren jakitun izan zirela: "Albiste asko iritsi zitzaizkigun, eta lehiaketa arriskuan egon zitekeela esaten zen; baina azkenean Israel taldekako probatik kanporatu zuten, eta ez zen polemika gehiagorik izan".