Kopuruz murritzagoa baina kalitate bikainekoa. Horrelakoa da 2025eko uztatik eratorritako txakolina. Arabako Txakolina Jatorri Deitura osatzen duten Aiaraldeko zazpi upategiek atzo aurkeztu zituzten aurtengo ardoak, erabateko arrakasta izan zuen Txakolin Egunaren XXVII. edizioan.
Alberto Molinero sukaldaria eta Jorge Rodriguez sommelierra omenduta eman zioten hasiera Txakolin Egunari. Arabako Txakolina Elkarteko kideek Molinerok eta Rodriguezek Arabako txakolinari ematen dioten bultzada eta ikusgarritasuna eskertu nahi izan dute. Protokolozko toparen aurretik tokiko produktuen aldeko apustuan berretsi ziren erakundeetako ordezkariak.
Milaka lagun elkartu ziren Amurrioko parkean, eguraldia lagun, janari eta edari postuen artean gozatzeko. Tokiko upategiak izan ziren festaren erdigune, eta ekoizleek egunaren balorazio "oso positiboa" egin zuten. Berandura arte luzatu zen jai-giroa Errekada eta Oxabi erromeriaren eskutik.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte.