Iragan ekainaren 1ean Administrari Konkurtsalarekin izandako balorazioa plazaratu du Tubos Reunidoseko LAB sindikatuak. Bileratik ondorio argia atera du sindikatu abertzaleak: "Tubos Reunidoseko plantillak arrazoia zuela".
LABen iritziz, Enplegua Erregulatzeko Espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea bertan behera geratu izana berretsi egiten du langileek lehenego egunetik defendatutakoa. "Zuzendaritzak ezarri nahi zituen neurriak ez ziren Tubos Reunidosen arazoei irtenbidea emateko bidea, eta arazoa ez dira inoiz izan plantilla eta haren lan-baldintzak", aldarrikatu du sindikatuak plazaratutako oharrean.
Plantillaren garaipnea
LABek plantillaren garaipentzat jo du Administrari Konkurtsalak aipatutako neurriak kendu izana, eta borrokatzeak merezi duela aldarrikatu du sindikatuak, "harrotasunez".
"Hilabete luzez zalantzan jarri, kriminalizatu eta hainbat esparrutatik erasotua izan da borroka. Langileei inoiz eragin ez zuten egoera baten erantzukizuna egotzi nahi izan zitzaien. Mobilizazioa eta greba oztopo gisa aurkeztu nahi izan zituzten, benetan enpresaren erabakien ondorio zuzena zirenean; izan ere, erabaki horiek enplegua eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizun industriala arriskuan jartzen baitzituzten", azaldu du sindikatuak balorazio oharrean.
Zuzendaritzaren erabakiak, arazoaren iturri
Gogor mintzatu da LAB sindikatua Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren inguruan. Lantegiaren arazo nagusia·enpresa egoera larri batera eraman duten erabakiak hartu dituen zuzendaritza" izan dela salatu du sindikatu abertzaleak.
"Industria-proiektua sendotzeko erabili behar zen eragiketa batetik eratorritako ia 170 milioi euro akziodunen artean banatzea ahalbidetu zuen kudeaketaz ari gara. Zor jasanezina sortu duten finantza-
erabakiez ari gara. Enpresaren sinesgarritasuna erakundeen aurrean, gizartearen aurrean eta plantilla propioaren aurrean larriki hondatu duen kudeaketaz ari gara", azaldu du langileen ordezkaritzak. Horri guztiari azken egunetako ikerketa judizialak ere gehitu dizkio LABek.
Gehiengo sindikalak enpresaburuen erantzukizunean arreta jartzen zuen bitartean "zuzendaritzaren kontakizuna erosi" zutenei ere zuzendu zaie LAB: "denborak gauza asko bere lekuan jartzen ari da".
Ildo beretik mezu bera luzatu die erakunde publikoei ere: "Hilabete gehiegitan, ia zalantzan jarri gabe, zuzendaritzaren kontakizuna onartu dute; plantillari seinalatzen zioten titularrak sortzen lagundu dute, eta ez egoera honetara ekarri dutenak seinalatzen zituztenak".
Fase berri bat, etorkizun industrialaren defentsan
Zabaldutako fase berrian etorkizun industrialaren defentzan lerratuko dela adierazi du LAB sindikatuak. "LAB guztiz jabetzen da une honen larritasunaz. Inork ezin du egoera hau bidearen amaieratzat hartu. Borroka garrantzitsu bat irabazi dugu, baina oraindik bide luzea dago egiteko".
Fase berri horretan erakundeek zer paper jokatu nahi duten erabaki beharko dutela azaldu du sindikatuak, eta gaineratu du edozein laguntza publiko planteatzen bada, diru hori baldintzatuta egon beharko dela: "Enplegua mantentzera, industria-jarduera mantentzera, lan-baldintzak defendatzera eta Aiaraldearentzat zein Ezkerraldearentzat benetako etorkizun-proiektu bat garatzera baldintzatuta. Ezin da berriro gertatu hona ekarri gaituen eredua: kontrolik gabeko diru publikoa, bermerik gabe eta enpresa modu negargarrian kudeatu dutenen erantzukizunak eskatu gabe".
Azkenik, eta Hartzekodunen Konkurtsoak har dezakeen bideari lotuta, Tubos Reunidosek egungo egoerara eraman duen kudeaketarekin "erabateko haustura" beharrezkoa dela azpimarratu du sindikatu abertzaleak. Argi uzti dute ez dutela etorkizuneko proiektu industriala orain arteko arduradunen esku uztea onartuko.
"Fase berri honetan, LABek arduraz jardungo du, konkurtso-prozesuaren jarraipen zorrotza egingo du eta
plantillaren interesak defendatzen jarraituko du esparru guztietan", aldarrikatu dute.