Duela gutxi argitaratu duzu Sobrevivir a ser adolescente, baina 18 urte baino ez dituzu.
Bai, ni nolabait etapa hau bukatzen ari naiz, baina oso gogorra izan da. Nire burua oso azkar doa eta pentsamendu gehiegi nituen. Psikiatriako atalean egon naiz ospitalean bi aldiz. Duela bi urte lehenengo aldiz eta duela urtebete bigarrenez. Azken horretan konturatu nintzen jende askori lagundu ahal niola. Ospitalean oharrak hartu nituen eta biltzen joan nintzen. Horiei liburu forma eman nien.
Prozesu teraupetiko baten barruan hasi nuen ariketa. Asko kostatzen zait nire sentimenduak adieraztea, ondorioz, eskatu zidaten idazteko. Egunero idazten nuen eta hori berriro irakurri eta berridatzi nuen.
Orduan ez da eleberri bat, saiakera baizik.
Nire helburua da besteak nire bizitzan islatzea. Uste dut nerabezaroa aro oso aldakorra dela. Batzuentzat garai alaia da eta beste batzuentzat, aldiz, zailagoa. Informatiboa da.
"Oso pertsona perfekzionista naiz eta nire buruarekin oso exijentea. Horrek eraman nau anorexia garatzera"
Azaldu nahi duzu zergatik izan zenituen bi egonaldi psikiatriko?
Oso pertsona perfekzionista naiz eta nire buruarekin oso exijentea. Horrek eraman nau anorexia garatzera. Horren ondorioz, nire bihotza gelditu zen eta ospitalera eraman ninduten. Kardiologiatik psikiatrara bidali ninduten eta han egon nintzen, anorexiak depresioa eta antsietatea eta bestelako sintomak ere eragiten dituelako.
Garai hori gainditutzat jotzen duzu eta eskarmentua partekatu nahi duzu edo prozesu terapeutikoaren barruan beste urrats bat da?
Uste dut gainditu dudala, baina ez guztiz. Uste dut nirekin egongo dela bizitza osoa. Gaixotasun gogorra da eta harekin bizitzen ikasi dut soilik.
Zer topatuko du irakurleak liburuan?
Denetarik. Nerabezaroan bizitzen duzun guztia agertzen da. Nire helburu nagusia da gazteak islatzea. Bakoitza ezberdina da eta ez dago nerabezaro bakarra. Guztiontzat ez da etaparik zoriontsuena. Niretzat ez da izan eta psikologoari aipatu nion. Berak erantzun zidan gehienetan ez dela horren polita, nerabeen pentsamenduak hankaz gora daude hormonen eraginez.
Nola sortu zaizu hau azaleratzeko beharra?
Ezagutzen dudan jende askok esan dit oso ondo etorri zaiela irakurtzea eta atal askorekin identifikatuak sentitu direla. Horrek harrotasuna sortzen dit eta pozik nago besteak laguntzeagatik.
Oso gaztea zara eta bizipen oso intimoak partekatu dituzu. Nola erabaki duzu zer kontatu eta zer ez?
Oso zaila izan da. Idazten ari nintzen bitartean ez nuen pentsatzen argitaratuko nuela. Behin argitaratuta ez dut berriro irakurri. Oraindik ez naiz gai, tarte bat igaro beharko da. Nire lagunek eta inguruneak esan didatena zaila da eta kontu intimoak daude.
"Idazten ari nintzen bitartean ez nuen pentsatzen argitaratuko nuela. Argitaratu denetik ez dut berriro irakurri. Oraindik ez naiz gai"
Ez zara gai sentitzen orain irakurtzeko, noiz egingo duzu?
Ez nago prest. Ez dakit, agian ez zait gustatzen. Eguna helduko da, baina oraindik ez.
Baina argitaratu baino lehen hamaika aldiz irakurri behar izan duzu, zuzendu... Nolakoa izan da prozesua?
Hilabete batean idatzi nuen, baina geroztik egunero berregiten nuen. Ez zara pertsona bera idazten duzunean eta bi edo lau hilabetera. Nire bizitza izugarri aldatu da urte bakarrean.
Egon al da atalen bat bereziki zaila zuretzat idazteko orduan?
Lehenengo atala da nire istorioa. Nire bizipenak eta ospitalean bizi izandakoa, botikak... Hori izan da gogorrena.
Aurkezpenak egingo dituzu?
Bai, asmoa da aurkezpen bat egitea Amurrion eta jendea etortzea. Horrez gain, Amurrion Bai Bada liburudendan eta San Joseko estankoan egongo da salgai.
Zuk kudeatu duzu liburua?
Nik bakarrik nekien liburua nuela esku artean Gabonak heldu arte. Gero serio jarri zen kontua, banuen dena pentsatuta eta gurasoei eta senideei esan nien. Hortik aurrera argitaletxea bilatzen lagundu didate. Argitaletxeak esan zidan ondo zegoela eta aurrera egin nuen.