Geroz eta gertuago dago udako solstizioa eta horrekin batera jai eta ospakizun ugari helduko dira eskualdera. Urteroko hitzordu esanguratsuenak errepikatuko dira, eta horietako bat da Amurrioko Otsemeak taldearen akelarrea.
Data hauen bueltan elkartzen dira beti talde feministako kideak, suaren inguruan dantza emanaldia eskaintzeko. Aurten hilaren 26an izango da zita 22:30ean. Ospakizunerako ez ezik, salaketarako ere baliatzen dute ikuskizuna, Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez: "Gure helburua, San Juan gauaren aitzakia aprobetxatuz, aintzinatik emakumeek jasaten ditugun injustizia desberdinak salatzea da".
Modu boluntarioan prestatzen dute emanaldia, gozatzeko asmoz, eta bilera eta entsegu ugari egiten dituzte eguna heldu aurretik. Horietan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herriko neska gazte guztiak, ez bakarrik dantzariak, edozein ekarpen edo ideia ongi etorria izango dela adierazi baitute.
Iragan larunbatean, hilaren 6an, abiatu zituzten entseguak eta parte hartu nahi duten, edo informazio gehiago jakin nahi duten guztiei animatu diete Instagram sare sozialaren bidez haiekin harremanetan jartzen (@otsemeak).