Oraingoan bai. Araba Euskaraz jaiak Amurrioko kaleak hartu ditu. Euskal herriko hamaika txokotatik etorritako milaka lagun elkartu dira Arabako Ikastolen aldeko jai erraldoira. 10:00etatik hasita makina bat ekintza antolatu ditu Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak, Amurrioko hiru gune nagusitan banatuta.
Aresketa Ikastolako harrera ekitaldian eman diote hasiera jaiari, gizarte eragileetako eta administrazioetako dozenaka ordezkariren aurrean. Arabako Ikastolen papera goraipatu dute, "Araba euskaratik eta euskaraz josteko egunero egiten duten lanagatik". Araba alderik alde zeharkatzen duen hari horren erakusle, Argantzungo Ikastolak jaso du datorren urteko Araba Euskaraz jaia antolatzeko lekukoa, non eta Trebiñun, "euskara oraindik ere ofiziala ez den Arabako lurraldean".
Ikastolatik herrigunera jaitsi da gero festa, batukadaren doinuen atzetik. Hiru gunetan banatu da bertan: gune bat parkean eta bi gune Refor kirol-gunearen inguruan. Musika, jan-edana, jolasak, postuak, erronkak... aspertzeko tarterik ez da izan eta Amurrioko bazter guztietatik hedatu da jai-giroa. Hori bai, itzaletik itzalera ibili behar izan dute festaz gozatzera etorri diren lagun guztiek, bero sapari ahal bezala aurre egiteko.
Zuzeneko emisio berezia
Aiaraldea Komunikabideko kideok ere bertan egon gara Araba Euskaraz jaia bertatik bertara kontatzeko asmoz, eta zuzeneko emisio berezia egin dugu 12:00tan, Guk eskulturaren paretik.
Itxaso Ugarte Aresketa ikastolako zuzendaria gonbidatu dugu gurera, eta azken hilabeteetako antolakuntza prozesuaz mintzatu zaigu, besteak beste. Aiaraldean ospatutako Araba Euskarazei buruzko azterketa sorpresa ere egin diogu eta bikain erantzun ditu galdera guztiak.
Belgorri taldeko kideak ere izan ditugu gurekin, 14:00tan parkean bertan eskaini baitute haien azken kontzertua. Bost urte hauetako ibilbideaz gogoratu eta Araba Euskaraz jaiko kantuen rankinga osatu dute gurekin.