Tubos Reunidoseko langileen ordezkari talde bat bertaratu da gaur Madrilera, Legez Besteko Proposamena erregistratzeko Kongresuan. Podemos taldearen eskutik eraman dute ekimena eta Leticia Jimenez Amurrion bizi den herritarra eta Podemos Euskadiko antolakuntza idazkaria ere egon da eurekin.
PSOEk konpromiso argirik ez eta EAJ ez da agertu, langileek salatu dutenez
Berez, langileek bilera deitu dute hainbat alderdirekin proposamena azaltzeko eta laguntza eske. Iturri sindikalek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari PSOEk babesa adierazi diela, baina ez duela konpromisorik hartu Legez Besteko Proposamenaren alde egiteko.
Ordezkari sindikalen harridura ere sortu du EAJko ordezkariak agertu ez izana batzarrean. "Pasa den astean Eusko Jaurlaritzan esan ziguten lagunduko gintuztela eta gaur ez ditugu ikusi ere egin", adierazi du Langile Batzordeko kide batek.
Berez, langileen ordezkarien aburuz, erabateko babesa emateko prestutasuna agertu duten alderdiak Podemos eta EH Bildu izan dira, eta BNGk ere borondatea agertu du, nahiz eta erregistroan ez duen bere sinadura jarri, Galizan kokatutako ekimena ez delako.
Kataluniako Esquerra Republicana eta Sumar ere ez dira bertaratu bilerara, nahiz eta gonbidatuak zeuden, PP eta Vox ez bezala, zeinak ez zeuden ezta deituak ere.
Behin prozedura eginda, Tubos Reunidoseko langileak zain egongo dira, jakiteko proposamenak aurrera egingo duen eta Senatuko batzar orokorrean edo batzorde batean landuko duten.
Aldarrikapenak
Edukiari dagokionez, Legez Besteko Proposamenak honako puntu hauek biltzen ditu:
1. Premiaz sustatzea SEPIren eta Tubos Reunidos Taldeko lantokietako Enpresa Batzordeen arteko bilera bat.
2. Enpresa Batzordeari helaraztea Tubos Reunidos Taldeak SEPIri aurkeztutako bideragarritasun-planaren kopia bat, harekin batera aurkeztutako dokumentazio guztia eta bi erakundeen artean egindako bileren aktak.
3. SEPIk Tubos Reunidos Taldearekiko duen zorra enpresaren akzio bihurtzea, Estatuko ekonomiaren sektore estrategiko bateko enpresaren jarduera bermatzeko.
4. Bideragarritasun eta industria plan bat garatzea bermatzea, industria-aktiboak mantendu eta arriskuan dagoen enplegua babesteko; Trapagaran, Nanclares de la Oca eta Amurrioko plantak, baita altzairutegia eta logistika ere, martxan jarraitzea bermatuz, altzairu berezien ekoizpena mantenduz eta deslokalizazioak saihestuz.
5. Tubos Reunidos Taldeko lantoki guztietan gaur egungo enplegu osoa bermatzea.
6. SEPIren eta gainerako erakundeen edozein laguntza, diru-laguntza edo mailegu publiko 4. eta 5. puntuetan jasotakoa betetzearen mende jartzea.
7. BBVAri eta gainerako banku-erakundeei eskatzea zorraren zati baten barkamena edo akzio bihurketa egitea, enpresaren finantza-egoera arintzeko eta haren kaudimen ekonomikoa bermatzeko.