NORA LOPEZ

“Gustuko dut 3x3 saskibaloia, oso azkarra da”

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 19a

Nora Lopez Euskadiko Selekzioko kamisetarekin. / Aiaraldea.eus

NORA LOPEZ (Amurrio, 2011) Melillan egongo da asteburuan Euskadiko Selekzioarekin 3x3 saskibaloi txapelketa batean parte hartzeko.

Erronka garrantzitsua duzu asteburuan, ezta?

Bai, Melillara joango naiz gaur Espainiako 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatzeko eta Euskadiko Selekzioa ordezkatuko dut.

Duela hiru aste deitu ninduten entrenatzeko eta zortzi neska batu gintuzten. Horien artean lau hautatu dituzte eta ni horien artean nago.

Ondo ikusi zenuen zure burua entrenamendu horietan?

Bai, nahiko ondo ikusi nuen nire burua eta pentsatu nuen hautatuko nindutela. Oso gustura egon nintzen neskekin, nahiz eta bakarra ezagutzen nuen aurretik, Gasteizkoa.

Nik maila ona erakutsi nuen, baina beste neskek ere oso maila altua zuten.

Noizbait parte hartu duzu 3x3 saskibaloi txapelketaren batean?

Ez, inoiz ez. Beti jokatuko dut saskibaloi arrunta, baina gustuko dut 3x3. Saski bakarrarekin jokatzen da, kantxa erdian, eta oso azkarra da.

"3x3 saskibaloia kalean jokatzearen antzekoa da"

Baloiak gehiago pisatzen du eta jokalari bakoitzak nahi beste falta egin ditzake, ez soilik bost. Kalean jokatzearen antzekoa da.

Zergatik uste duzu hautatu zaituztela?

Trebea naiz baloiarekin eta ondo banatzen dut jokoa.

Urte asko daramatzazu Zaraobe Saskibaloi Taldean?

Zazpi urte nituenetik. Beti jokatu dut nahiko ondo, baina azken bi urteetan asko hobetu dut, egia esanda. Base moduan jokatu dut bi urte hauetan.

Erreferenteren bat duzu jokatzeko orduan?

Nire ahizpa. Txikitatik ikusi dut jokatzen duela eta Arabako Selekzioan jokatu du. Oso ona da. Oro har, etxean saskibaloi pilo ikusten dugu eta harro gaude.

"Nire ahizpa da nire erreferentea jokatzeko orduan"

Melillan zein da zuen plana?

Gaur joango gara, larunbatean hiruzpalau partida izango ditugu eta igandean beste lau. Gero itzuliko gara. Hamar minutuko partida azkarrak izango dira. Balear Uharteak eta Aragoi izango dira gure aurkariak, besteak beste.

Nire asmoa da lagunak egitea eta esperientzia polita izatea. Taldekideekin noa, ez familiarekin.

Nola joan da denboraldia Zaraoben?

Nik uste dut nahiko ondo jokatu dudala. Inoiz egindako denboraldi onena izan dela uste dut. Hurrengo denboraldian kadeteekin eta juniorrekin arituko naiz. Kadete taldean guztiok gara lagunak, lau jokalari berri sartuko dira eta ondo moldatuko gara.

Zer ematen dizu saskibaloiak zuri?

Saskibaloian jokatzea eta ikustea oso dibertigarria eta entretenigarrai da. Gainera, ikasketen mundutik deskonektatzea ahalbidetzen dit kirolak.

Aurretik selekzioren batean egon zara?

Arabako Selekzioan aurretik hautatu naute, baina ez dut ofizialki jokatu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide