Tubos Reunidos

Tubos Reunidoseko inbertitzaileak hilabetea amaitu baino lehen ezagutu nahi ditu epaileak

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 19a

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioa Amurrion. / Aiaraldea.eus

Komunikabideek jaso dutenez, administrazio konkurtsoaren epaileak agindu du eskaintzak egiteko prozedura egitea eta espero du hilabete amaierarako argitzea nork duen interesa enpresan.

Komunikabideek argitaratu dutenez, Maria Teresa Trinidad epaileak, Tubos Reunidoseko administrazio konkurtsoaren ardura duenak, astelehenean agindu zuen multinazionala erosteko eskaintzak jasotzeko epea abiatzea. Trinidaden helburua da, antza, hilabete amaierarako zehaztea balizko eroslerik dagoen. 

Sindikatuek azaldu dute eurek ez dutela inolako komunikaziorik jaso, baina aste honetan bildu direla administrari konkurtsalarekin.

Enpresa osotasunean bereganatzea, lehentasuna

PKF Attest administrari konkurtsalak ezarritako arauen artean zehazten da lehentasuna izango dutela Tubos Reunidos konpainia osorik erosi nahi dutenek. Horrek esan nahi du interesatuta egon behar direla Amurrio, Trapaga eta Langraitz Okan dauden azpiegituretan eta hirurek sortzen dituzten 1.300 lanpostuetan.

Sindikatuek berretsi dute PKF Attestekin aste honetan egin dutela bilera eta konpainiak irizpide horren berri eman ziela.

Dena ondo bidean, administrariak aukera izango luke abuztuan bertan hautatzeko zein inbertitzailek egin duen eskaintza onena. 

Hurrengo fasea, egoera ezagutzea eta gero azken eskaintza

Behin interesdunak dauden edo ez jakinda, 30 eguneko epea irekiko dute balizko inbertitzaileek dokumentazio guztia aztertzeko, azpiegiturak bisitatzeko eta zuzendaritzarekin eta sindikatuekin elkartzeko.

Horren ostean, azken eskaintza ekonomikoa egin beharko dute eta administrariak erabakiko du zein onartuko duen, aldagai anitzak aintzat hartuta: diru kopurua, enplegua mantentzeko apustua, finantzazioa edota zorrak kitatzeko konpromisoa, besteak beste.

Asteazkenean izandako bileretan, sindikatuek azpimarratu zuten enpleguaren aldeko hautuak garrantzia izan behar duela eskaintza jasotzeko orduan.

Abuztuan erabaki bat

Dena ondo bidean, administrariak aukera izango luke abuztuan bertan hautatzeko zein inbertitzailek egin duen eskaintza onena. 

Edonola ere, bestelako aukerak ere badaude, eta inork ez badu proposamenik egiten, edo ez bada ganorazkoa, Tubos Reunidos zatika saltzea izan daiteke administrariak har dezakeen beste bide bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide