Megatecheko langileek bi greba egun deitu dituzte lan hitzarmen berri eta duina aldarrikatzeko

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 22a

Megatechen egondako beste greba baten irudia.

Bihar eta ostegunean 24 orduko lanuzteak egingo dituzte ez daudelako ados enpresak proposatu dien lan hitzarmen berriarekin.

Megatech enpresako langile batzordeak gaur zabaldu du ofizialki bi greba eguneko deialdia. Zehazki, 24 orduko lanuzteak egingo dituzte bihar, ekainaren 23an, eta ostegunean, hilaren 25ean. Sindikatuek bide hori hartu dute zuzendaritzarekin izandako azken bileraren ondoren, horrek ez baitu bere proposamena aldatu lan hitzarmen berriari begira.

Aipatu beharra dago agiri hori bost urtez egongo dela indarrean.

Desadostasun puntu nagusiak: inflazioa, errelebo kontratuak, lanaldiak...

Enpresa eta langileen arteko talka puntu nagusia soldata da. Izan ere, Megatechek egindako eskaintzarekin, beharginen aburuz, ez da bermatzen inflazioari aurre egitea. Alegia, konpainiak proposatu du KPI %1,5 baino txikiagoa izango balitz, %0,5 gehiago igotzea soldata. KPI %1,5 eta %2,5 artean egonez gero, aldiz, gehikuntza %0,25ekoa litzateke eta %2,5tik gora, azkenik, KPI bera edo %2,75.

Sindikatuek bidalitako komunikazioan salatu dute zuzendaritza ez dela prezioen igoeraz jabetzen.

Edonola ere, badaude bestelako aldarrikapenak, adibidez, errelebo kontratuaren aktibazioa. Enpresak gehienez hamahiru abiatu nahi ditu eta hirugarren taldeko langileei mugatu, gainera. 

Beharginen antolakundeek aipatu dute kide ugari egongo direla bost urtetan neurri hori hartzeko adinean eta ez bakarrik hirugarren taldekoak.

Salatu dituzten beste puntu batzuk dira lanaldia gehiago murriztearen beharra —eta ez soilik bi egun bost urtetan— eta gauez lan egiteko plusa duintzea. 

Oharrak

Mobilizazioen berri eman ez ezik, sindikatuek beharginei ohartarazi nahi izan diete. Izan ere, euren ustez, posta elektronikoko mezuen bitartez edo bestelako bitartekoekin "langileak kikiltzen eta zatitzen" saiatuko da enpresa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide