Tubos Reunidosen egoera zeresana sortzen ari da epaitegietan

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 23a

Tubos Reunidoseko langileen protesta 2016an akziodunen bilera baten aurrean. / Aiaraldea.eus

ELAk eskatu du zuzendaritza "errundutzat" jotzea epaitegietan eta Tubos Reunidosen administrazio konkurtsoaren ardura berari leporatzea. Horrez gain, Guardia Zibilaren UCO unitateak EAJ aipatu du Leire Diezen kasuan eta alderdiak aldarrikatu du multinazioala salbatzeko egindakoa ez dela legez kontrakoa.

Grebaren amaierak ez du lasaitasuna ekarri Tubos Reunidosera, inondik inora. Izan ere, multinazionalaren egoera tenperatura berotzen ari da epaitegietan eta bi fronte piztu dira azken orduetan.

Alde batetik, zenbait hedabide (El Confidencial edota Vocento taldea) saiatzen ari dira Leire Diez buru duen ustelkeria kasua EAJri lotzen. Horretarako, Guardia Zibilaren UCO unitateak egindako txostena ari dira baliatzen.

El Confidencial hedabidea eta Vocento taldea saiatzen ari dira EAJ lotzen Tubos Reunidoseko ustelkeria kasuarekin, nahiz eta UCOren txostenak ez duen adierazten alderdiak Leire Diezekin harremana duenik.

Hala ere, txostenak berak argi utzi du Andoni Ortuzarrek (Euskadi Buru Batzarreko presidentea zena garai horretan) eta Joseba Aurrekoetxea senatariak ez zutela inolako harremanik izan Leire Diezekin eta ez zutela inolako dirurik kobratu horren truke.

Berez, polemikaren iturburua da bi jeltzaleek bilera bat izan zutela 2025ean Carlos Lopez de las Heras Tubos Reunidoseko CEOarekin eta Vicente Fernandez SEPIko aurreko presidentearekin.

Jarduera politiko arrunta

EAJk, bere aldetik, ez du bilera hori egin izana ukatu eta azpimarratu du horrelako batzarrak erabat arruntak direla jarduera politikoan eta alderdia ezin dela alde batean geratu euskal enpresak arriskuan daudenean: "Enpresa horiek estrategikoak dira, haien azpian lanpostu zuzen asko daudelako, bai eta zeharkako lanpostuak ere, eta horiek guztiek inpaktu handia dute enpresak kokatuta dauden eskualdeetako ekonomian. Ondorioz, inpaktu horrek zuzen-zuzenean eragiten die herritar askoren ongizateari".

Berez, jeltzaleek gogoratu dute beste konpainia batzuen kasuetan (Talgo, BSH...) ere ekimenak bideratu dituztela enpresak babesteko: "2024an Espainiako gobernuari erreklamatu zion Balenciaga Ontziolak birfinantzatzeko plana onartzea. Bide beretik, Euskal Taldeak, aurtengo martxoan, Kongresuan eskatu zuen Tubos Reunidos enpresaren zorra berregituratzeko".

Are gehiago, alderdi jeltzalek erantsi du beste talde politiko batzuek ere berdina egiten dutela, EH Bildu, kasu.

Gauzak horrela, EAJk nabarmendu du horrek ez duela loturarik "hirugarren pertsonek egiten dutenarekin paraleloki". Izan ere, Guardia Zibilak Leire Diezi eta Vicente Fernandezi leporatzen die ehunka mila euro kobratzea Tubos Reunidosen alde egitearen truke.

ELA zuzendaritzaren kontra

UCOren txostenak ikusgarritasun gehiena izan duen arren, ELAk benetako ibilbide judiziala abiatu du epaitegietan, alegazioak aurkeztu baititu Konkurtso Administrazioaren aurrean, kaudimengabezia urteetako kudeaketa txarraren ondorio dela salatuta.

Horregatik zuzendarientzat ondasunen enbargoak, inhabilitazioak eta erantzukizun ekonomikoak eskatu ditu sindikatuak.

Zuzendaritzarentzat ondasunen enbargoak, inhabilitazioak eta erantzukizun ekonomikoak eskatu ditu ELA sindikatuak.

Zehazki, ELAk eskatu dio Konkurtso Administrazioari Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa erruduntzat jo dadila eta enpresako zuzendaritzaren zein Administrazio Kontseiluaren erantzukizunak argitu daitezela.

Sindikatuak azaldu du 2008an kokatzen duela Tubos Reunidosen egungo kaudimengabezia egoeraren jatorria. Urte hartan, enpresak 170 milioi euroko zorra hartu zuen bere akziodunak ordaintzeko: "Baliabide horiek ez ziren ez industria modernizaziora ez negozioaren hazkundera bideratu, horrenbestez, sortutako zorpetzea urte luzez konpainiaren gain egiturazko oztopo bihurtu da".

Halaber, ELAren iritziz, han hasi zen arazoa, eta ez SEPIri eskatutako maileguan. Horrez gain, langile erakundeak gogoratu du mailegu kreditu horri lotutako ikerketak egiten ari direla Auzitegi Nazionalean.

Azkenik, ELAk azpimarratu du langileak ezin direla egoera honen ondorioen erantzule egin, urteetako kudeaketa negargarriaren emaitza baita: "Konkurtsoaren erantzukizuna enpresako zuzendaritzak, Administrazio Kontseiluak eta akziodunek hartu dituzten erabakiei dagokie soilik, akziodunen mesedea lehenetsi baitute konpainiaren etorkizuneko bideragarritasunaren kaltetan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide