Amurrio Harro: bost urte aldarrikapena eta festa uztartzen

Maider Ramirez Martin 2026ko ekainaren 24a

Las Fellini trabesti taldeak ikuskizuna eskainiko du aurten ere bazkalostean. / Chris Gomez Dominguez

Goizetik eta arratsaldera arte luzatuko da aurten Amurrio Harro eguna, ekainaren 27an. Bost urteko ibilbidea ospatu eta LGTBIQA+ harrotasuna aldarrikatuko dute beste behin.

“LGTBIQA+ harrotasuna ez da hiri handietako kontu bat soilik, herri txikietan ere bagara kolektiboko kideak eta harro gaude”. Aldarri hori zabaltzeko sortu zen Amurrio Harro elkartea duela bost urte. Hainbat jarduera antolatu ditu taldeak bere ibilbidean zehar, baina bereziki bat geratu da urteroko egutegian markatuta, ekainaren 28aren bueltan antolatutako harrotasunaren eguna, alegia.

Aurten, larunbat honetan, ekainaren 27an, antolatu dute aldarrikapena eta jaia batzen dituen egun handia eta goizetik arratsaldera arte luzatuko den egitaraua prestatu dute. Herritarrei luzatu diete parte hartzeko deia, errespetuz jokatzea baldintza bakarra. 

Egitarau oparo eta anitza

Goizean goiz abiatuko dira, kirolari ere lekua eginez: Gorobel kirolgunearen eskutik social run-a egingo dute, eta hamaiketakoa egingo dute ostean. Behin indarrak hartuta, nork bere tote bag pertsonalizatua sortzeko aukera izango du. Ekintza nagusiak Juan Urrutia plazan egingo dituzte, eta euria eginez gero, San Antonera lekualdatuko dira.

Eguerdian egingo diote tarterik handiena aldarrikapenari, elkarretaratzearekin. Hilabetean zehar apainduta egon diren taberna eta komertzioetako erakusleiho lehiaketako sari banaketa egingo dute gero, bertako produktuen saskiaren zozketarekin batera.

Horren ostean, kalejira abiatuko dute Amurrioko kaleetan barrena, Beti Jai Fanfarrearen jai-doinuez lagunduta. Aurtengo apustuetako bat musika emanaldiak herritik zabaltzea izan dela azaldu dute elkarteko taldeek, horrela ikusgarritasuna emateko ekimenari eta ez dezaten ikusi “soilik plazatik igarotzen diren horiek”. 

15:00etan egingo dute herri bazkaria eta Bika taldeak kontzertua eskainiko du bazkalostea luzatzeko. Las Fellini trabestiak itzuliko dira Amurriora eta ikuskizuna egingo dute 17:15ean. Jony DJa kalerik kale ibiliko da amurrioarrak dantzan jartzeko eta horrela itxiko dute eguna.

Behin larunbata igarota, Amurrio Harro elkartearen jarduna ez da etengo, hitzaldiak zein tailerrak antolatzen edota LGTBIQA+ kolektiboari buruzko informazioa, materiala eta aholkularitza eskaintzen jarraituko du, eskualde anitz eta askeago baten alde lanean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide