Guraso bakarreko familiek Amurrioko udako igerilekuetako abonuak eskuratu ezin dituztela salatu dute, eta Udalak adierazi du gaia aztertuko duela

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 25a

Guraso bakarreko familiek ez dute familia abonua eskuratzeko aukerarik Amurrioko igerilekuetan. / Amurrioko Udala

Amurrioko herritar batek salatu du duela hiru urte egin zuela eskaera, baina ez duela erantzunik jaso. 

Amurrioko herritar bat Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarri da udako igerilekuei lotutako auzi bat salatzeko. Bizilagunak azaldu duenez, guraso bakarreko familiak ezin dute familiei bideratutako abonua eskuratu, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako irizpideek hala gomendatzen duten. 

Hain zuzen, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak iragan abenduaren 2an plazaratu zuen guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen dekretua. Bertan zehazten da guraso bakarreko familiek babes berezia behar dutela, “bereziki zaurgarriak” direlako. “Familia mota horrek pobrezia-arrisku handiagoa du, familia eta lana uztartzeko zailtasun gehien sufritzen ditu, eta bera egoten da sarrien gizartean baztertuta” dio testuak. 

Amurrioko herritarrak duela hiru urte egin zuen eskaera formala Amurrioko Udalean, baina salatu du ez duela oraindik erantzun ofizialik jaso, eta dio horregatik erabaki duela gaia publiko egitea. 

Udalaren erantzuna

Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko Udalarekin jarri da harremanetan gaiari buruz galdetzeko eta honek erantzun dio gai hori “kirol-instalazioei lotutako udal-tasen hurrengo berrikuspenean aztertuko dela”.

Tokiko erakundeak azaldu du lanean ari dela udal igerilekuetako eta kiroldegiko zerbitzuak “kudeaketa-kontratu bakarrean” bateratzeko, eta prozesu horri esker “tasak eta abonu-modalitateak berrikusi eta eguneratu” ahalko direla, “egungo gizarte-errealitatera egokitzeko eta dauden familia-ereduei modu egokiagoan erantzuten dietela bermatzeko”.

Gauzak hala, guraso bakarreko familien errealitatea kontuan izango dutela ziurtatu du Udalak, “kirol-instalazioetara sartzeko tarifak eta baldintzak berrikusteko prozesuan”. 

Horri lotuta, tokiko erakundeak adierazi du horrelako ekarpenak “eskertzen” dituela, “zerbitzu publikoak hobetzen eta udalerriaren benetako beharretara egokitzen laguntzen dutelako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide