Badaude zehaztuta zeintzuk izango diren Tubos Reunidoseko hartzedunen konkurtsoaren joko arauak. Atzo plazaratu zen Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen webgunean prozesu osoa arautuko duen 41 orriko dokumentua.
Araudi horrek bederatzi fasez osatutako prozesu bat planteatzen du, hainbat epetan banatutakoa. Epe guztiak batuta, ondorioztatu daiteke litekeena dela prozesua urte amaierara arte luzatzea, gutxienez.
Konfidentzialtasun gutuna eta "data room"-a
Konpainia erosteko interesa dutenek bost egun balioduneko epea izango dute hori adierazteko posta elektronikoz, eta konfidentzialtasun gutun bat sinatu beharko dute, prozesuan zehar jasoko duten informazio guztia isilpean mantenduko dutela ziurtatzeko.
Behin hori eginda, 30 egun baliodun izango dituzte “data room” batera sartzeko. Bertan, Tubos Reunidosen enpresei buruzko informazio legal eta finantzarioa topatuko dute interesedunek. Dena den, “izen, datu edo zenbakiak” ezabatzeko eskumena izango du enpresak, “beren garrantziagatik edo sentikortasunagatik konfidentzialtasunari eragiten badiote, ekoizpen-unitatearen balioa arriskuan jartzen badute edo eskaintza-prozesuari eta hura eskuratzeko aukerari kalte egin ahal badiote”.
Lehen eskaintza formala egiten duten interesdunek 30 egun baliodun izango dituzte informazio telematiko guztia aztertzeko, eta aukera izango dute baita fabrikak bisitatzeko. Horren ostean, hala nahi izatekotan, bi bilera egin ahalko dituzte ordezkari sindikalekin.
Lehen eskaintza formala eta lehen bilerak sindikatuekin
Interesdunek 30 egun baliodun izango dituzte informazio telematiko guzti hori aztertzeko, eta aukera izango dute baita fabrikak bisitatzeko. Horren ostean, hala nahi izatekotan, bi bilera egin ahalko dituzte ordezkari sindikalekin. Araudian zehaztu dutenez, bilera horien helburua izango da “interesdunek sozietateen lan-errealitatea zuzenean, osorik eta egiaztatuta ezagutzeko aukera izatea, besteak beste, plantillen egitura, lan-kontratuen tipologia, lan-baldintza aplikagarriak, indarrean dauden konpromiso kolektiboak eta, hala badagokio, jardueraren jarraipenean eta lan-subrogazioan eragin dezakeen beste edozein inguruabar garrantzitsu”.
Horren ostean bidali ahalko dute lehen eskaintza formala, loteslea izango dena prezioari dagokionez. Hain zuzen, eskaintza osoaren %5a sartu beharko dute kontu-korronte batean, fidantza gisa.
Hortik osatuko dute lehen zerrenda, balizko bost erosleez osatuta egongo dena gehien jota. Hainbat irizpide hartuko dira kontuan, eskaintzaren zenbatekoa eta enpleguarekiko zein lan baldintzekiko egiten den proposamena tartean. Horrez gain, positiboki baloratuko da baita ere enpresan likidezia sartzeko asmoa izatea, diru zein materialen bidez (“bitarteko finantzaketa” deritzona, alegia).
Orduan, bost hautatu horiek aukera izango dute zuzendaritzarekin bildu eta galderak planteatzeko, hurrengo zazpi egun baliodunetan.
Enpresaren jarduna gutxienez 2 urtez mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute balizko erosleek.
Azken eskaintzak
Epe hori amaituta, beste hamar egun balioduneko epea izango dute azken eskaintza egiteko. Azken eskaintza horretan derrigorrezkoa izango da lehen aipatutako bitarteko finantzaketa eskaintzea. Berriz ere, azken eskaintzaren %5a bankuan sartu beharko dute interesdunek. Horrez gain, enpresaren jarduna gutxienez 2 urtez mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Azken eskaintza egiten duten interesdunen artean bat aukeratuko dute lehiaketako kudeatzaileek, eta beste epealdi bat irekiko da orduan, bi hilabetekoa, luzagarria izango dena lehiaketaren intereserako beharrezkoa ikusten bada.
Denbora tarte horretan, nahibeste bilera egin ahalko dira Tubos Reunidoseko ordezkarien, sindikatuen, konkurtsoaren administratzailearen eta epaitegiko kideen artean. Bilera horietan balizko erosleak ere parte hartu ahalko du.
Araudian zehazten denez, “ordezkaritza-eremu bakoitzaren autonomia errespetatuko da, lantoki bati berariaz eragiten dioten gaiak bere eremuan negozia daitezen, eta zeharkakoak direnak dagokion negoziazio-mahaian landu daitezen”.
Izan ere, balizko erosleek aukera izango dute baita Tubos Reunidosen fabrika bat erosteko eskaintza zehatzak egiteko, baldin eta negozio autonomo moduan funtzionatu ahal badu. Dena den, ahalik eta ekoizpen unitate gehien hartzea positiboki baloratuko da balizko erosleen hurrenkera osatzerako orduan.
Akordioa, ezinbestekoa
Balizko erosleek aukera izango dute baita Tubos Reunidosen fabrika bat erosteko eskaintza zehatzak egiteko, baldin eta negozio autonomo moduan funtzionatu ahal badu. Dena den, ahalik eta ekoizpen unitate gehien hartzea positiboki baloratuko da balizko erosleen hurrenkera osatzerako orduan.
Akordioa egotea nahitaezkoa izango da. Negoziazio epealdia bi hilabetekoa izan arren, balizko erosleak aukera izango du epe estuago bat ezartzeko, eta behin hori igarota eskaintza mahai gainetik kentzeko eskumena izango du, akordiorik lortu ez bada.
Kasu horretan, zerrendan bigarrena geratu den interesdunarengana joko litzateke, eta dinamika berdina jarraituko litzateke zerrendaren amaierara iritsi arte.
Aldiz, akordioa lortuz gero, 72 orduko beste epaldi bat irekiko litzateke erosketa baimentzeko, eta esku aldaketa hurrengo 15 egun baliodunetan eman beharko litzateke.
Prozesu luze hau garatu bitartean, konpainiak orain arte bezala funtzionatzea aurreikusten du araudiak.
Akziodunen batzarra gaur
Bestalde, gaurkoa egun seinalatua izango da Tubos Reunidosentzat, akziodunen batzarra egingo baitu multinazionalak. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan modu erabat telematikoan egingo du, eta aurretik izena eman duten bazkideek baino ezingo dute parte hartu. Azken egunera arte itxaron du multinazionalak batzar hau egiteko, legeak baitio urteko lehen seihilekoan egin behar dela.