Asteburu honetan ospatu dira Delikako jaiak, eta larunbat arratsaldean egin zuten ekitaldi esanguratsuenetako bat: Arrastariako Erronka. Iaz abiatu zuten ekimen hori, Arrastaria osatzen duten herrien (Aloria, Artomaña, Delika eta Tertanga) arteko harremana sustatzeko.
Dinamika sinplea da: herri bakoitzak talde bat osatzen du eta beste herrietako kideekin lehiatzen da herri bakoitzeko jaietan. Hainbat proba egiten dituzte, herri kirolak eta bestelako jolasak uztartuta. Modu horretan, iltzeak kolpatu, abarkak jaurti edota puzzleak osatu behar izan zituzten parte hartzaileek asteburuko zitan, besteak beste.
Larunbateko norgehiagokan Aloria izan zen garaile. Izan ere, herri horretako kideek soilik lortu zuten talde osoa bidaltzea erronkara. Hala ere, lehiakortasunetik harago, bizilagunen arteko giro ona nagusitu zen arratsalde osoan zehar, eguraldi ona lagun.