Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta Langile Batzordeak bilera egin dute gaur. Berez, batzarra ustezko egutegi aldaketa bat egiteko deitu du enpresak, baina sindikatuek topatu dutena bestelakoa izan da, hainbat sailetan txanda kopurua murriztu nahi baitu zuzendaritzak.
Konpainiako arduradunek adierazi dute langile ugari daudela bajan eta horregatik ezin direla zenbait txanda bete. Horren aurrean, errelebo gutxiago egotea da proposatu duen konponbidea.
Sindikatuek ez dute proposamena onartu bi arrazoirengatik. Alde batetik, Tubos Reunidosek eskatu dielako akordio pribatua sinatzea. Langileen erakundeek gogoratu dute txanda murrizketak oinarrizko eskubideei eragiten diela eta hori lan baldintzen funtsezko aldaketa bidez egin behar dela, hau da, kontsulta epea irekita.
Batzordeko ordezkariek ez dute ulertu zergatik ez den prozedura hori jarraitu eta zuzendaritzak erantzun du irailaren 1ean nahi dutela neurria indarrean egotea, urte amaierara arte. Lan baldintzen funtsezko aldaketa abiatuta, enpresaren aburuz, erabakia gehiegi luzatuko litzateke, epaileak onartu behar duelako, eta horregatik nahiago dute akordio bidez adostea.
Zuzendaritzaren erantzunak ez du harrera ona izan langileen erakundeen artean. LABek eta ELAk, esaterako, gogoratu dute kaleraketekin batera ezarri nahi zuten egutegi bera dela eraman dutena gaur, eta horrek mesfidantza gehiago sortzen diela.
Lau hilabetez arratsaldez eta gauez
Sindikatuek ez dute babestu enpresak iradoki duen metodologia. ESK-k, adibidez, aipatu du, bere ustez, legez kontrakoa dela Langileen Estatutuaren eta Lan Hitzarmenaren kontra doan akordioa sinatzea. Ondorioz, epaitegian bukatu ahalko luke kasuak.
Edonola ere, horrez gain, altzairutegiko ordezkarien artean amorrua sortu du proposamenak, indarrean sartuz gero zenbait ataleko langileek lau hilabetez lan egingo luketelako arratsaldez eta gauez ostegunetik igandera bitartean. Sindikatu gehienek salatu dute horrek kontziliazioa ezinezkoa egiten duela.
Plangintza falta
Zuzendaritzak neurria justifikatzeko baliatu duen beste argudio nagusia izan da eskari berririk ez dela sartzen ari eta eskari zorroa agortzen ari dela. LABek leporatu die hori jakinda aurretik hartu behar zutela txanda kopurua murrizteko erabakia, ekainean agerikoak baitziren arazoak. Horrela egin izanez gero, legea jarraitzeko prozedurak ez luke atzerapenik ekarriko, bere iritziz.
ESK-k, bere aldetik, kudeaketa txarra egotzi dio zuzendaritzari, eta akusazio bera egin du ELAk: "Enpresak gaur egun nahi duena zuzendaritzaren kudeaketa txar eta errudunaren beste adibide bat baino ez da, eta Hartzekodunen Konkurtsoa horren ondorioa baino ez da".