Tubos Reunidos

Hamar enpresa industrialek adierazi dute interesa Tubos Reunidosen

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 14a

Tubos Reunidoseko langileak mobilizazio batean. / Aiaraldea.eus

Gaur egin dute bilera sindikatuek eta administrari konkurtsalak eta azken horrek adierazi du Espainiako estatuko eta nazioarteko hamar enpresa industrialek eskatu dutela Tubos Reunidosi buruzko informazioa, eskaintza bat egitea baloratzeko.

Gaur bilera egin dute Tubos Reunidoseko langileen ordezkariek eta PKF Attest administrari konkurtsalak. Amurrion izan da hitzordua eguerdian eta hor aurreratu diete sindikatuei Espainiako estatuko eta nazioarteko hamar enpresa industrial ari direla aztertzen konpainia eskaintza bat egiteko.

Berez, administrariak ez du aipatu zeintzuk diren proiektu enpresarial horiek eta azpimarratu du esateak ez lukeela lagunduko prozesuan. Hain zuzen, Amurrioko bilera egin bitartean Vocento taldeak albistea argitaratu du ustezko bi enpresa aipatuta eta horrek amorrua piztu du administrarian, iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez. Sindikatuek erantzun diote ez dutela Vocentorekin hitz egiten.

Horrez gain, argitu du irailaren 7ra arte daukatela interesdunek jakinarazteko talde osoa edo zati bat erosteko eskaintza egingo duten eta irailaren 14an zehaztu beharko dutela proposamena. Gauzak hala, irailaren 8an bilera egingo dute sindikatuek eta administraria berriro.

Irailaren 8an bilera egingo dute sindikatuek eta administraria berriro, behin interesdunen asmoen zati bat ezagututa.

Irailera arte lana

Administrariak, halaber, ziurtatu die beharginen ordezkariei soldatak bermatuta egongo direla uztailera arte eta litekeena dela abuztuan ere ordaintzeko gaitasuna izatea.

Eskarien eta lan-zamaren aldetik, irailaren 15era arte izango dute beharra ziurtatuta Amurrion.

LABen irakurketa

LAB sindikatuak oharra argitaratu du gaur bertan eta adierazi du prozesuaren fase garrantzitsuenean sartzen ari direla. Hori dela eta, bi hausnarketa plazaratu ditu langile erakundeak. Alde batetik, erakunde publikoak bidelagun badira eta diru publikoa bideratzen badute, ezinbesteko baldintza izan behar dela enplegua mantentzea.

Horrez gain, sindikatuak gogoratu du egungo egoera eragin zutenek, hau da, zuzendaritzako kideek, ezin dutela izan Tubos Reunidosen agintzeko aukerarik etorkizunean.

Halaber, langile erakundeak azaldu du administrariak berak aitortu duela beharginen inplikazioa eta egiten ari diren ahalegina "egoera oso zaila izaten ari den honetan".

"Aitortza bidezkoa da, langileek hilabeteak baitaramatzate Tubos Reunidosen etorkizunarekiko erabateko konpromisoa erakusten. Lehenik, EEE bat, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea eragozteko borrokatuz; eta orain, konkurtso-prozesu betean ekoizpenari eutsiz, industria-proiektuari aukera bat emateko. Hain zuzen ere, konpromiso horregatik, orain beste batzuei dagokie erantzutea", jaso du LABek bere komunikatuan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide