Amurrioko jaietarako prestatutako egitaraua aurkeztu du Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak, Jai Kuadrilleetako kideekin batera. Izan ere, azpimarratu dutenez, handia izan da Kuadrillen inplikazioa aurtengo jaien antolakuntzan eta bilera guztietan parte hartu dute, bai batzordearekin eta baita Udalarekin ere.
Ekintza izarrei eutsi diete eta aurten ere ez da faltako parkeko paella txapelketa. Hori bai, jaiak ofizialki hasi aurretik izan beharrean, abuztuaren 13an egingo dute, txupinazoaren osteko egunean.
Musika eskaintza ere zabala eta askotarikoa izango da: Etxebarria aita-semeak, Disbauxa hardcore talde kataluniarra, Xendra, Herio, erromeriak eta DJak igoko dira parkeko zein Gazte Karpako oholtzetara.
Jaiak herritik eta herriarentzat antolatu eta bizitzeko helburuz antolatzen du urtero batzordeak egitaraua eta herriko eragile ezberdinak batzen ditu: Jai Kuadrillak, Ernai, Etxerat, Mendiko Lagunak, Otsemeak, Ohiturak Kultur Taldea, Amurrio Harro, Euskalgintza Kontseilua, Amurrioko Emakumeon Sarea, SOS Aiaraldea eta Amurrio Aisia Eskaut Taldea.
Jaien atzean dagoen lana azpimarratu dute Josu Arrieta eta Nerea Luaces batzordeko kideek, eta prestatutako egitaraua herritar guztien gustukoa izatea espero dutela adierazi dute. Hauxe da egitarau osoa:
