Prentsaurrekoa deitu dute gaur Amurrion azaltzeko hainbat eragilek indarrak batu dituztela emakumezkoen kirola eta tokiko ekonomia eta irudia sustatzeko. Izan ere, Zaraobe Saskibaloi Taldeak bi talde izango ditu Bigarren Nazional Mailan eta horietako bat emakumezkoena izango da.
Zehazki, Bigarren Nazional Mailako taldearen kamiseten babesletza bermatuko dute hainbat eragilek (Amurrioko Udalak, Aiaraldeko Kuadrillak, Txakolinaren Ibilbideak eta Gildas Albizabal enpresak). Klubak esparru horretan egiten duen lana aitortuko dute horrela, 300 jokalari batzen baititu eta horietako 200 baitira emakumezkoak.
Guztiek goraipatu dute Zaraobek egiten duen ahalegina neskek ere kirola egiteko aukera izan dezaten. Txakolinaren Ibilbideak, Luis Mariano Alavaren parte hartzearekin, aipatu du %100ean egiten dutela bat egitasmoarekin eta horregatik babestu dutela.
Amurrioko Udalak, Aiaraldeko Kuadrillak, Txakolinaren Ibilbideak eta Gildas Albizabal enpresek babestuko dute hemendik aurrera Bigarren Nazional Mailako taldea.
Tokia emakume guztientzat
"Guk ez dugu hautaketarik egiten, nahi duen guztiak jokatzen du. Horrela lortu ditugu emakumezkoen 17 talde", azpimarratu du Jon Pinedo Zaraobe S. T.-ko presidenteak.
Imanol Arberas entrenatzaileak ere adierazi du oraindik urratsak egin behar direla emakumezkoen kirolak bere tokia izan dezan eta hori ez dela emakumezkoek egin behar dutena, baizik eta gizonezkoek landu beharrekoa. "Ez da posible oraindik XXI. mendean jendeak galdetzea zergatik ditugun talde femeninoak", nabarmendu du.
Javi Abal Gildas Albizabaleko gerenteak, bere aldetik, azpimarratu du Baskoniaren babesleak izan direla hiru urtez, baina erabaki dutela herrira itzultzea, tokiko egitasmoen alde egiteko.
Hegoalden Txakolinaren Ibilbidea ikusgai
Pinedok berak argitu duenez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kantxetan erakutsiko dute Txakolinaren Ibilbidearen mezua.
Ordezkariak gaineratu du tokiko erakundeak eta Txakolinaren Ibilbidea batzea bururatu zitzaiola jendeak kirola ez ezik, "edaria, janaria eta jaia" ere gogoko dituelako.
Agerraldian parte hartu dutenen iritziz, babesletzak eskualdearen irudi ona eta positiboa zabaltzeko balioko du eta Zaraobe S. T. bilakatuko du horren enbaxadore.
Ekintza gehiago
Edonola ere, Jon Pinedok iragarri du jarduera gehiago jorratuko dituztela Txakolinaren Ibilbidearen eta Aiaraldeko Kuadrillaren izena zabaltzeko: "Irailaren 12an KON enpresak prestatutako uniforme dotoreak aurkeztu eta jaia egingo dugu. Aurrerago emakumezkoen torneoa antolatu nahi dugu eskualdeko herrietan".
Agerraldian Alba Aspìzua eta Maialen Lopez jokalariek ez ezik, Leire Egia futbolariak ere parte hartu du, berriki Real Ovideoko kide bilakatu dena.