Abuztuaren 15ean 18:30ean, Amurrioko jaietan, Euskal Kopa itzuliko da Basartera eta Athletic Clubak eta Alavesek jokoan izango dute finalerako txartela. Bi taldeak lehen mailan arituko dira 2026/2027 denboraldian -gasteztarrek aurten lortu dute igoera- eta aurredenboraldiko urrezko hitzordua izango da, dohainik.
Horrela azaldu zuten atzo norgehiagokaren aurkezpenean, futbol zelaian bertan. Ekitaldian ordezkaritza zabala egon zen. Txerra Molinuevo alkateak ziurtatu zuen plazer hutsa dela horrelako kirol zita bat hartzea herrian.
Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kideak gaineratu du maila handiko partida izango dela eta gogoratu du zozketa ugari egingo dituztela atsedenaldian. Finala abuztuaren 19an izango da Irunen.
Xabi Arrieta Athletic Clubeko kirol zuzendariak oroitu du iazko partida -Eibarren kontra- eransteko giro oso polita egon zela, eta abuztuko partidari begira, iritzi du gogorra izango dela.
Dafne Triviño Alaveseko ordezkariak, bere aldetik, argitu zuen ohorea izango dela Athletic Clubaren kontra lehiatzea eta denboraldia prestatzeko aukera bikaina izango dutela.
Leire Egia jokalari amurrioarrak ere parte hartu zuen ekitaldian eta giro ona espero duela gaineratu zuen. Izan ere, iaz Athletic Clubarekin jokatu zuen eta uste du egun polita izango dela.
Azkenik, Laurentz Ibarrola Amurrio Clubeko presidenteak herritar oro animatu zituen Basartera bertaratzeko eta aurreratu zuen Maialen Lopez Euskotarrak kuadrillako damak eta Leire Pinedok egingo dutela ohorezko sakea, biak ala biak Zaraobe Saskibaloi Taldeko ordezkari gisa.