Nola sentitzen zara zure kuadrillako ordezkaria izateagatik?
Ilusioarekin eta urduritasunarekin, azken finean, urte batzuk daramatzat kuadrilla honetan, eta benetan estimatzen dut. Gainera, uste dut ordezkaria izatean festetako gauzak oso esberdinak ikusi eta egingo ditudala.
Noiz eta nola hasi zinen zure kuadrillako kide izaten?
Uste dut 2019 edo 2020 urtean hasi nintzela. Hasieran beste kuadrilla bateko kidea nintzen, baina nire lehengusina eta lagunak Txabola taldera gehitzen ari ziren, eta ni ere kuadrilla honetan sartzera animatu ninduten.
Zerk egiten du berezi zure kuadrilla?
Espiritu basatia duen taldea da. Azken finean, ahalik eta ondoen pasatu nahi dugun neska-mutil talde bat besterik ez gara. Eta eskua sutan jarriko nuke gehienok harro gaudela kuadrilla honetako kide izateaz, eta horrek berezi egiten gaituela.
Zein da jaietako zure ekintzarik gustukoena?
Kuadrillen joko lehiaketak gustatzen zaizkit gehien. Lehiakorra naizenez, beste talde batzuen aurka lehiatzean lagun-etsai hori ateratzen da; eta, egia esan, oso dibertigarria iruditzen zait.
Karrozen lehiaketa irabaziko duzuela uste duzue?
Uff, benetan ez dakit, beste kuadrillek maila oso handia badaukate gauza deigarriak eraikitzeko. Hala ere, saiatuko gara.
Egiteari utziko balitz, jaietako zein ekintza botako zenukeen gehiago faltan?
Mendiko Lagunek egiten duten kutxa-pilaren jokoa, lagun batekin lehiatu ohi naiz ea nork jartzen dituen kutxa gehiago. Orain arte berak nik baino kutxa bat gehiago jarri ditu, eta ezin dut horrela utzi…
Amurrioko jaiak esaldi labur batean deskribatu beharko bazenitu?
Zalantzarik gabe, urteko asterik onena.