Nola sentitzen zara zure kuadrillako ordezkaria izateagatik?
Esperientzia hau bizitzeak ilusio handia egiten dit, izan ere txikitatik beti jaietako ordezkariak ikusi ditut eta oso gauza polita iruditzen zait.
Noiz eta nola hasi zinen kuadrillako kide izaten?
Duela 3 urte hainbat lagun jaietako kuadrillaz aldatzeko erabakia hartu genuen eta hainbat lagunek Herriarenak kuadrillara hurbiltzea gomendatu ziguten. Momentu horretatik aurrera parte hartze handia izan dugu kuadrillaren bitartez.
Zerk egiten du berezi zure kuadrilla?
Amurrioko jaiak era ezberdin batean bizitzen dira Herriarenak kuadrillarekin. Ekintza guztietan parte hartze zuzena duen kuadrilla bat da eta pikeak alde batera utziz disfrutatzea bilatzen dugu beti. Horretaz gain, egunerokotasunean eragina duten gaiak jaietan ere jorratzen ditugu, festetan jaiaz gain borrokatzeko denbora ere badagoelako.
Zein da jaietako zure ekintzarik gustukoena?
Gurdien lehiaketa niretzat ekintza magikoa eta oso berezia da, egindako lana plazaratzen delako herri osoaren aurrean. Horretaz gain, jaietako azken eguna denez, jendeak gaua luzatzen du normalean eta beti oso dibertigarria bihurtzen den gaua da.
Karrozen lehiaketa irabaziko duzuela uste duzue?
Ez, ez dut uste irabaziko dugunik baina ez da gure helburua. Gure helburua egoera bat plazaratzea da, hori bai, beti mozorroetaz, dantza egiteaz eta egiten ditugun interpretazioetaz gozatzeaz ahaztu gabe.
Egiteari utziko balitz, jaietako zein ekintza botako zenukeen gehiago faltan?
Lehen esan dudan moduan gurdietako lehiaketa niretzat Amurrioko festek duten gauzarik politena da eta nire iritziz hori desagertuko balitz asko nabarituko litzateke, uztailetik hasten den ekintza delako.
Amurrioko jaiak esaldi labur batean deskribatu beharko bazenitu?
Herri osoa elkartzen den astea.