“Laudio Goikoak ez ditu nire semeak behar dituen irisgarritasun baldintzak betetzen, eta zerbait gertatuko balitzaio nik ordubete beharko nuke haraino heltzeko”

Maider Ramirez Martin 2026ko abuztuaren 5a

Jorge eta Benjamin Hurtado Zaraobe Institutuaren kanpoaldean. / Aiaraldea.eus

Zaraobe Institutuko Gela Egonkorrean egon da Benjamin Hurtado gazte amurrioarra aurtengo ikasturtera arte. Irailetik aurrera, ordea, Laudio Goikoan matrikulatuta egon beharko da, Hezkuntza Sailaren arabera. Zentro horrek ez ditu beharrezkoak diren irisgarritasun bermeak, eta ikaslearen segurtasunagatik kezkatuta dago bere aita.

Amurrioko bizilagunak dira Jorge Hurtado Cervera eta bere semea, Benjamin. %85eko desgaitasuna eta hirugarren graduko menpekotasuna du gazteak eta Zaraobe Institutuko Gela Egonkorrean eman ditu azkenengo ikasturteak; baina, hamasei urteak beteta, Laudio Goikoa zentrora bideratu du Hezkuntza Sailak, Autonomia Proiektuan parte hartzera. Eraikin horrek irisgarritasun bermeak betetzen ez dituela salatu du aitak, eta azaldu du Benjaminen segurtasuna eta ongizatea zeharo baldintzatuko lukeela ikastetxe aldaketak.

Aldaketa jakinarazi ziotenean, Hezkuntza Saileko ordezkari batekin bildu zen Hurtado ekainean, eta Benjaminek Zaraoben dituen “onura berberak” izango zituela ziurtatu zion, hala nola jantoki zerbitzua eta terapia fisikoa jasotzeko aukera. Zentroa bisitatzera joan zenean, ordea, azpiegitura guztiak irisgarriak ez zirela ikusi zuen eta, beraz, bere semeak ezingo zuela, esaterako, patioetara atera ezta baratzeko jardueretan parte hartu. Gainera, ez luke terapia fisikorako azpiegitura ez baliabiderik izango, eta Gorlizeko ospitalera joan beharko luke hori jasotzera.

"Iraila helduko da, eta Benjamin Laudiora joan beharko da, jakinda ez direla berarentzako baldintza aproposak"

Irisgarritasun gorabeherez gain, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean dagoen distantzia ere arazo bat dela azaldu du Amurrioko bizilagunak: “Benjaminentzat taxi zerbitzua jarriko luketeela esan didate, baina, zer gertatzen da ohiko ordutegitik kanpo zentrora joan behar denetan, adibidez, mediku zita baten ostean? Gainera, epilepsia-krisiak ere izaten ditu: Zaraoben gurpildun aulkitik erori zen behin krisi baten ondorioz, eta zauri bat egin zuen buruan. Anbulantzia joan behar izan zen, eta ni ere azkar heldu nintzen, gertu bizi garelako. Laudio Goikoan antzeko egoerarik gertatuz gero, beharbada ordubete beharko nuke heltzeko, kotxerik ez dudanez trenean joan beharko nintzatekeelako eta gero oinez hara goraino igo”.

Laudio Goikoko ziurgabetasuna

Ezustekoak bata bestearen atzean agertuz joan dira Jorge Hurtadorentzat. Izan ere, semea hara bideratuko zutela jakin aurretik, amurrioarrak ez zuen ezagutzen Laudio Goikoa zentroaren egoera, baina hainbat familiek jakinarazi zioten aurten ziurgabetasun handia bizi izan dutela eta ikastetxea “ixteko zorian” egon dela.

ELAk ere salatu zuen eraikin multzoan amiantoa zegoela, beste segurtasun gabeziekin batera, hala nola instalazio elektriko zaharkitua, uraren kalitatearekin lotutako gorabeherak (nikelaren presentziaren ondorioz), erabileratik kanpo dauden komunak, igogailurik eza eta segurtasun-elementu batzuen narriadura, barandena barne.

Egoera ikusita, lagungarria izan daitekeen edozein ekarpen eskertuko lukeela adierazi du Hurtadok.

Hezkuntza zentroko eskaintza mantendu eta egin beharreko konponketa eta birgaitze lanak urtean zehar egingo zituztela jakinarazi zuen Hezkuntza Sailak, herri mobilizazioen ondoren. Hala ere, ezinegona sortzen dio egoerak Hurtadori.

Zaraoben geratzeko eskaera

Zaraobeko eta Laudio Goikoako zuzendaritzek ere uste dute ez dela egokia Benjamin Isasiko ikastetxera bideratzea, eta ikasleak bere hezkuntza ibilbidea orain arte egondako institutuan edo Amurrioko beste azpiegituraren batean jarraitu beharko lukeela.

Gauzak hala, datorren ikasturtean Zaraoben geratzeko eskaera egin zion aitak ekainean Hezkuntza Sailari, baina gaur gaurkoz ez du erantzunik jaso. Etsituta ageri da Hurtado testuinguru honen aurrean: “Nik dagoeneko ez dakit zer egin, alkatearekin ere hitz egin dut baina momentuz ez dut konponbiderik… Orain udan ez dut uste inork erantzungo duenik edo gauzak aldatuko direnik. Laudioko zentrotik esan zidaten Benjaminen matrikula egiteko dokumentazioa dagoeneko bazegoela bertan prest, eta orain ikasketa-beka tramitatzeko unea iritsita, bertan egin behar dudala ere adierazi didate. Iraila helduko da, eta Benjamin Laudiora joan beharko da, jakinda ez direla berarentzako baldintza aproposak”.

Egoera ikusita, lagungarria izan daitekeen edozein ekarpen eskertuko lukeela adierazi du Hurtadok. Gainera, jakin badaki aurtengo ikasturtean Zaraoben geratzea lortuko balu ere behin-behineko neurri bat izango litzatekeela, duen adinarekin ez baita dagoeneko derrigorrezkoa eskolatuta egotea: “Nik nahiko nuke bere autonomia lantzen jarraitu dezan, ahal duen heinean eta terapia fisikoa ere oso ondo datorkio. Baina non daude horrelako baliabideak hamasei urtetik gorako gazteentzat?”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide