"Belaunaldi ezberdinak elkartzen dituen kuadrilla izatea da, zalantzarik gabe, berezi egiten gaituen gauzetako bat"

Maider Ramirez Martin 2026ko abuztuaren 5a

Euskotarrak kuadrillaren ordezkaria izango da Maialen Lopez. / Aiaraldea.eus

MAIALEN LOPEZek ordezkatuko du Euskotarrak kuadrilla Amurrioko Jaiek iraun bitartean. Kuadrillarekin eta jaiekin duen harremanaz mintzatu da.

Nola sentitzen zara zure kuadrillako ordezkaria izateagatik?

Oso pozik eta harro. Euskotarrak bezalako historia duen kuadrilla bat ordezkatzea ohore handia da niretzat. Azkenean, aurtengo ordezkaria ni naiz, baina atzean kuadrilla oso bat dago, urte osoan lanean, jaiak ilusioz prestatzen dituena. 

Noiz eta nola hasi zinen zure kuadrillako kide izaten?

Txikitatik bizi izan ditut kuadrillaren ohiturak eta jaiak. Hala ere, azken urteotan hasi naiz modu aktiboagoan parte hartzen, kuadrillako egunerokoan eta antolatzen diren ekintzetan inplikatuz. 

Zerk egiten du berezi zure kuadrilla?

Gure kasuan, Euskotarrak 61 urteko historia duen kuadrilla da. Urte hauetan zehar tradizioa, laguntasuna eta jaietarako ilusioa mantentzen jakin dugu. Belaunaldi ezberdinak elkartzen dituen kuadrilla izatea da, zalantzarik gabe, berezi egiten gaituen gauzetako bat.

Zein da jaietako zure ekintzarik gustukoena?

Argi daukat: karrozak. Uste dut gurdiak direla Amurrioko jaiak beste herrietako jaietatik benetan bereizten dituena. Oso berezia da bizilagunen artean, muxutruk eta denon artean, herriak gozatu dezan sortzen dugun guztia. Gainera, guretzat ez da egun bateko kontua bakarrik. Gurdiak prestatzea urte osoan zehar elkartzeko aitzakia izaten da. Desfileko eguna lan guzti horren amaiera ederra da, baina benetako balioa bidean bizitzen dugun guztian dago.

Karrozen lehiaketa irabaziko duzuela uste duzue?

Irabazteak beti sortzen du ilusioa baina badakigu urtero maila handia dagoela eta kuadrilla guztiek lan ikaragarria egiten dutela. Azken urteotan gure karrozen bidez munduan barrena bidaiatu dugu; aurten, ordea, etxera itzultzea erabaki dugu. Horregatik, San Ferminak aukeratu ditugu. Irabazten badugu, oso pozik hartuko dugu, baina, batez ere, jendeak gure lana gustuko izatea eta karrozarekin disfrutatzea nahiko genuke. 

Egiteari utziko balitz, jaietako zein ekintza botako zenukeen gehiago faltan?

Kuadrillen bazkari herrikoia botako nuke gehien faltan. Belaunaldi ezberdinak elkartzen gara bertan eta hori oso berezia da. 

Amurrioko jaiak esaldi labur batean deskribatu beharko bazenitu?

Amurrioko jaiak tradizioa, kuadrillak eta belaunaldiz belaunaldi mantentzen den lana eta ilusioa dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide