Metamorfosi prozesu betean dago Lezamako pilotalekua. Asier Aldama Cuadra muralista amurrioarrak sinatutako horma-irudia izango du aurrerantzean eraikineko fatxada nagusiak. Astelehenean hasi zuen Aldamak horma-irudia margotzeko prozesua eta aste bukaerarako amaituta egotea aurreikusten du. Orotara, 80 metro koadro baino gehiagoko irudia osatuko du artista amurrioarrak, eta pilota munduko elementu desberdinak batu ditu bertan.
Lezamako Administrazio Batzarraren gonbidapenez ari da Aldama pilotalekuko fatxada azalberritzen, eta bozetoak auzokideekin kontrastatu ostean ekin dio lanari.
Aldamak eskarmentua du tamaina honetako horma-irudi eta lanetan. Berriki Amasa-Villabonako Loatzo musika eskolan egin du murala eta Amurrioko Gaztetxeko horma-irudiak ere bere sinadura darama.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte