Abuztuaren 14ean igoko zara Amurrioko jaietan oholtzara. Gogotsu zaude?
Egia esan gogotsu nago, bai. Amurrioko festetan egon gabe nago oraindik, baina kasualidadez aurten Aiarafest jaialdian egon nintzen herrian. Dena den, uste dut bi plaza oso ezberdin izango direla eta gogotsu nago jaietan zelako giroa dagoen ikusteko.
Nolakoa izan zen Aiarafesten jotzearen esperientzia?
Oso polita izan zen. Oso modu politean jarri zuten festibala eta kontzertuko oso oroitzapen ona daukat.
Aiaraldea asko gustatzen zait zurrunbilotik deskonektatzeko. Huntzarekin Laudion eta Urduñan jo izan genuen ere, baina azken aldian gehiago joan izan naiz musika ez den beste giro batera.
Aurretik ere egona zara Aiaraldean. Gustuko duzu eskualdea?
Egun batzuk libre ditudanean mendira joateko aprobetxatzea gustatzen zait, eta oso inguru polita da bertakoa. Aiaraldea asko gustatzen zait zurrunbilotik deskonektatzeko. Huntzarekin Laudion eta Urduñan jo izan genuen ere, baina azken aldian gehiago joan izan naiz musika ez den beste giro batera.
Bakarkako ibilbidea abiatu zenuenetik ez zara apenas gelditu. Maite duzu kontzertu eta biren erritmo frenetiko hori?
Egia esan maitasun-gorrotozko harremana da. Oso neska urduria naiz eta gustatzen zait hara eta hona ibiltzea, aktibo egotea. Horregatik da bi urte hauetan apenas gelditu naizela. Gero egia da gelditu beharra ere egoten dela, oholtzatik deskantsatu eta barrura begira jartzea kanta berriak sortzeko. Oreka hori bilatzen nabil, aurtengo udara pixkat lasaiagoa izango da aurreko urtekoa baino, baina pixkat bakarrik. Barrura begira jartzeko gogoz nago, ea abesti berriak datozen hurrengo urtean.
Amaineman du izena zure diskoak. Nola amain ematen duzu zuk?
Gustatzen zait amain ematea gauzak ondo antolatuta daudenean. Adibidez, udara ondo planifikatuta badaukat, gustatzen zait denbora bilatzea etxekoekin egoteko, mendira joateko, lagunekin egoteko, kontzertuak egiteko. Amain eman bai, baina bueno, ordena baten barruan.
Iaz Euskal Herritik kanpo biratxo bat egiteko aukera ere izan zenuen. Nolakoa da etxetik kanpo jotzea?
Euskal Herritik kanpo jotzea beti da berezia. Hasteko hizkuntzaren barrera apurtzen duzulako eta, bertara euskaldunik ez baldin badoa behintzat, ez zaituztelako ulertzen. Hori polita da, ikusten delako musika bera dela hizkuntza. Hori asko gustatzen zait eta sortzen den konexioa ezberdina izaten da.
Aurten La M.O.D.A taldearekin kontzertu batzuk eman dituzu. Berezia izan behar du beste talde batean horrela murgiltzeak.
Oso esperientzia polita izan da. Azkenean beste talde batean sartu behar izan naizelako, egiteko modu batzuetara egokitu, errepertorio oso bat ikasi… Sei trikitixa eraman ditut biran haiekin. Haiek oso erraz jarri didate dena eta oso jatorrak izan dira. Bizpen oso ona izan da alde guztietatik: haien aldetik gogoa egon da ni bertan gustora sentitzeko eta nik ere nire onena eman dut haien abestiak trikitixara egokitzeko. Izan ere, haiek akordeoiarekin jotzen dituzte normalean. Oso ondo moldatu gara, eta Mexikon ere egon gara elkarrekin.
Uda garaia, kontzertu eta jai garaia. Aurten lasaiago ibiliko zinela esan duzu, baina nondik?
Lasaiago bai, baina pixkat. Euskal Herritik kanpo egon naiz berriki: Asturiasen, Galizian, Kantabrian… Baina Euskal Herrian ere izango naiz: Donostian, Zornotzan, Barakaldon, Elgoibarren…
Bereziak dira herrietako plazak?
Ni oso ohituta nago plazetan jotzera. Jaietan plazetan jotzea asko gustatzen zait, uste dut herri baten izaera islatzen dela bertan. Asko fijatzen naiz jendearengan, giroan…
Zer topatuko du publikoak zure kontzertu batean?
Topatuko du tradizioaren eta elektronikaren fusiotik datorren kontzertu bat, topatuko euskara, topatuko du gehiengoa emakumezkoa den talde bat, topatuko du giro ona eta festa.
Etorkizunean etorriko den horretaz zerbait aurreratu dezakezu?
Egia esan ez dut inoiz ezkutatzen, ez zait hypea sortzeko zalea. Oraintxe bertan abestien sormen prozesu bete-betean nago, amain ematen. Oraindik zirriborroak baino ez dira, eta ikusiko dugu ea noiz heltzen diren.