Arratsaldeko zazpitan hasiko dira ofizialki Amurrioko jaiak, baina festa-giroa nabari da dagoeneko herrian. Gaur eguerdian egin dute kuadrillen ohiko aurkezpena, eta aurtengo jaietarako dituzten asmo eta erronken berri eman dute Juan Urrutia plazan.
Euskotarrak, Dantza Lagunak, Trot-Art, Herriarenak, El Boli eta Txabolakoak kuadrilletako ordezkariak banan-banan igaro dira mikrofono aurretik. Gainontzeko kuadrillak zirikatzeaz gain, hainbat aldarri plazaratzeko ere baliatu dute hitzordua: Palestinako herriaren askatasuna aldarrikatu dute eta baita eraso matxistarik gabeko jaiak ere.
19:00tan jaurtiko dute txupinazoa Amurrioko udaletxeko balkoitik, eta, orduan bai, jaiak eztanda egingo du udalerrian. Agenda atalean kontsultatu daiteke egitarau osoa. Aiaraldea Komunikabideak jarraipen berezia egingo du festen egun guztietan, eta gaur zuzenean emitituko du txupinazoa, 18:45etatik aurrera.
Argazkiak: Joane Lozano Landera