Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak Amurrion egin du 2026-2027 ikasturtearen aurkezpena, Mendiko Eskolan. Hedabideen aurrean agerraldia egin baino lehen, zentrotik bisita egin du eta negutegiak ezagutu ditu —non ikasleak udako uzta jasotzen ari ziren— eta Lehen Hezkuntza hasi duten hainbat umerekin batu da.
Ibilaldiak Txerra Molinuevo alkatearen eta Leire Aspiazu zuzendariaren laguntza izan du, baita hezkuntza zentroko beste ordezkariena ere.
Berez, prentsaurrekoa liburutegian egin dute eta Pedrosak gogoratu du aurten 280.386 ikasle egongo direla Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.
Hobekuntzetan sakontzea
Sailburuak aurreratu du hezkuntzak erronka ugari dituela eta ikasturte hau zein hurrengoa abiatutako hobekuntzetan sakontzeko unea izango dela, orain arte garatutako planak eta esku-hartzeak ondo aztertuta.
Pedrosak berak argitu du hezkuntza sistemaren helburua dela ikasleek mundua ulertzea eta autonomiaz mugitzea, baina horretarako arlo asko eta oso garrantzitsuak jorratu behar direla gogoratu du: digitalizazioa, gazteek irizpidez eta modu seguruan baliatu ditzaten teknologia berriak, bizikidetza eta tratu onaren kultura zabaltzea. "Inork ez ditu bere gaitasun guztiak garatzen ez bada entzunda, segurua eta lagunduta sentitzen", ohartarazi du.
Sailburuaren iritziz, Mendiko Eskola horren eta familia aniztasunen adibide ona da, baita bere liburutegia ere. Hain zuzen, "mezu arinen eta pantailen garaian, irakurle onak hezitu behar ditugu", azpimarratu du Pedrosak.
Liburutegi klimatizatuaren ondoren, eraikin osoa klimatizatzeko eskaera
Leire Aspiazu Mendiko Eskolako zuzendariak hartu du hitza Begoña Pedrosak baino lehen eta goraipatu du liburutegian egiten duten lana bai irakurketa sustatzeko zein irakurzaletasuna bultzatzeko.
Halaber, eskerrak eman dizkie Udalari eta Eusko Jaurlaritzari areto hori klimatizateatzagatik, baina ez du aukera pasatzen utzi eta eskatu die eraikin osoa puntu klimatikoa bilakatzea. "Hezkuntza publikoan eraikinak maiz ez dira berriak, eguzkiak jotzen die egun osoan eta beroa azkar sartzen da geletan", aipatu du adeitasunez zuzendariak.
Horrez gain, Aspiazuk ziurtatu du indarberrituta abiatu dutela irakasleek ikasturtea.
LABen protesta sarreran
Sailburua agertu baino lehen, LAB sindikatuko hainbat kidek protesta zaratatsua egin dute Mendiko Eskolaren aurrean eta Pedrosa agertu denean biderkatu dute burrunba.
Langile erakundeak bat egin du klimatizazioaren aldarrikapenarekin, eta langileen lan-osasuna bermatzea ezinbestekoa dela gaineratu du LABek: "Zentzu horretan ikasle zein langileek egunero jarduten duten azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan behar dira. Larrialdi klimatikoak eragindako muturreko tenperaturek agerian utzi dute eraikinak berriztu edo berriak sortu behar direla, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak eta dituzten instalazioek ez diotela erantzuten neguko hotz zein udako beroari".
Horrez gain, sindikatuak salatu du 2025eko borroka zikloari amaiera emateko lau puntu adostu zirela, baina Eusko Jaurlaritzak ez dituela bete.
Heziketa Berezian hezkuntza zerbitzua berme guztietan emateko ezinbestekoa den baliabideak esleitzeko irizpideen akordioa ez dela garatu salatu du langile erakundeak, abenduaren 31n iraungitzen den Heziketa bereziko Lan Hitzarmenean jasotzen bada ere, sailak 2024ko abendutik ahaleginik egin ez duelako.
Data berean iraungiko den Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2025ean sinatutako Lan Hitzarmena aitzakiak aitzaki, oraindik ez dela EHAAn argitaratu azaldu du sindikatuak. Hori dela eta, hezitzaile eta kudeaketa alorreko kolektiboetan lortutako hainbat eskubide ez dira ari betetzen.
Halaber, LABek iritzi du Hezkuntza Sailak erabilitako irizpide murriztaileen ondorioz, ikastetxeek 2026-2027 ikasturtean behar baino baliabide gutxiago jasoko dituztela.